Prest dute ekainaren 4an Aizarnazabalen ospatuko duten IX. Jan Sano eta Bizi Pozik azokaren egitaraua. Maiatzaren hasieran ireki zuten azokan parte hartu nahi zutenei zuzendutako izen-ematea, eta dagoeneko azken xehetasunak jakinarazi dituzte.
Ekainaren 4an 10:00etan hasiko da Jan Sano eta Bizi Pozik azoka, eta bertan baserri lanetarako lanabesen eta animalien postuak ez ezik, haurrentzako txokoa ere jarriko dute, haiei zuzendutako jolasekin. Jan-edanerako aukera ere izango da eguerdira bitartean, pintxoak eta sagardo txoko jarriko dituztelako bertaratzen direnentzat, musikaz girotuta.
Azokaren hasierarekin batera, 10:00etan, Garbiñe Larreak ukenduak egiteko tailerra eskainiko du. Bertan, zazpi sendabelarrekin ukenduak nola egin ikasiko dute parte-hartzaileek. Ikastaroan parte hartzeko izen-ematea itxita dago jada.
Idi-dema erakustaldiak borobilduko du azokaren egitaraua, 12:30ean hasita.