Herrigunea urbanizatzeko proposamenak bozkatzeko epea martxan da Aizarnazabalen

Mailo Oiarzabal 2022ko maiatzaren 18a

Udalak eliza ingurua, haren ondoko pilotalekua eta probalekua nahiz Baltasar Etxabe kalea beste modu batera antolatzeko aukeran jarritako proposamenen artean gustukoenak aukera ditzakete herritarrek maiatzaren 31 bitartean. Bozak udaletxean edo Internetez eman daitezke.

Herriguneko hainbat toki berrantolatzeko eta urbanizatzeko landu dituen proposamenak aurkeztu zituen Aizarnazabalgo Udalak joan den martxoaren 17an, segurtasuna eta trafikoa kontrolatzeko proiektuaren barruan. Besteak beste, eliza ingurua, haren ondoko pilotalekua eta probalekua nahiz Baltasar Etxabe kalea beste modu batera antolatzeko proposamenak dira erakundeak berrantolatu nahi dituenak.

Proposamen horiek jendaurrean jarri zituen udalak aurkezpenaren ondoren, herritarrek ezagutu eta aztertu zitzaten. Informazio fasea amaituta, atzotik irekita dago proiektuaren bigarren fasea, parte hartzearena. Horrela, maiatzaren 31ra bitartean, Aizarnazabalgo herritarrek udalak egindako proposamenen artean gustukoenak aukeratu eta haien aldeko botoa emateko aukera izango dute, batetik; bestetik, eta era berean, herriguneko urbanizazio proiektuari ekarpenak egiteko eta beren proposamenak aurkezteko aukera ere izango dute.

Hiritartze proposamenen baten alde botoa eman nahi dutenek bi bide dituzte horretarako: botoa paperean eman dezakete, udaletxera joanda, 09:00etatik 14:00etara; edo Internetez bozka dezakete udalaren Aizarnazabal.eus webgunean sartuta.

Parte hartze prozesuan jasotako botoak eta iradokizunak aztertzeko tartea hartuko du udalak ekainaren 1etik uztailaren 31ra. Azken fase hori abiatu aurretik, ordea, beste bilera ireki bat egingo du erakundeak herritarrekin, parte hartze fasetik ateratako ondorioak aurkezteko. Hiru fase horiek amaitutakoan, lanak ahalik eta azkarren hastea nahi du Aizarnazabalgo Udalak, asmoa baita obrak “bi edo hiru urtean” amaitzea.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide