Ekitaldi ugariz osatutako egitarauarekin iritsiko dira Samiel Txiki jaiak Aizarnazabalera. Ostiralean hasiko dituzte festak, 18:30ean, Alaitsu dantza taldeak plazan eskainiko duen emanaldiarekin, eta ondoren, BZ dantza eskolako hiru taldek urban estiloko dantzak egingo dituzte.
Zapatuan, berriz, krosaren txanda izango da eguerdi partean. 12:00etan hasita, Haur Hezkuntzako eta Lehen Hezkuntzako ikasleek hainbat lasterketa egingo dituzte. 16:00etan, berriz, umeei eta gaztetxoei zuzendutako altxorraren bila egingo dute herrian. Ondoren, 18:00etan hasita, eskuzko eta palazko pilota txapelketetako finalak izango dira. Eskuz hiru pilotari ariko dira nor baino nor: Aritz Olaizola, Ibai Olaizola eta Oihan Etxabe. Emakumeen pala finala, berriz, Olatz Gabarainek eta Ainhoa Etxabek jokatuko dute.
Festa giroa izango da nagusi kirol jarduerak bukatzen direnean. Izan ere, 19:30ean ekingo dio batukadak herriko kaleak girotzeari, eta 21:00etan, bertso afaria egingo dute Mikel elkartean. Maialen Lujanbio eta Andoni Egaña bertsolariak ariko dira kantuan.
Igandean izango da Samiel Txiki eguna, eta egun osorako egitaraua prestatu dute. 11:30ean, 3 eta 12 urte bitarteko haurrentzako altxorraren bila izango da, eta 12:30ean, berriz, meza nagusia. 16:30ean Tor magoak ikuskizuna eskainiko du, eta saioa bukatzean, txokolatadaz gozatu ahal izango dute herritarrek. Jaiei bukaera emateko, 17:30etik aurrera, diskofesta izango da DJ Pajaritorekin.