Aizarnazabalgo Udalak herrigunea urbanizatzeko proposamenak aurkeztu ditu

Andoni Elduaien 2022ko martxoaren 18a

Aizarnazabalgo Udalak herrigunea urbanizatzeko proiektua aurkeztu zuen atzo, osteguna, Indamendi jubilatuen tabernan. Patxi Gaztaminza udal arkitektoak aurkeztu zituen San Migel Goiaingeruaren eliza ingurua, haren alboko pilotalekua zein probalekua eta Baltasar Etxabe kalea beste modu batera antolatzeko udalak dituen proposamenak. Herriguneko segurtasuna eta trafikoa kontrolatzeko abiatu du udalak proiektua. 

Udalarentzat "lehentasuna" duen proiektua da elizaren eta haren alboko pilotalekuaren nahiz probalekuaren urbanizazioa. Erakundeak probalekua eta haren harmailak estaltzeko bi aukera luzatu zizkien arkitektoak herritarrei. Harmailen atzeko zuhaitzak mantentzea erabakitzen bada, probalekua estaliko lukete soilik. Halere, zuhaitzak dauden lurraren zoladura aldatu egingo lukete kasu horretan. Era berean, Arantzazu Etxetaldea kaletik Baltasar Etxabe kalerako errepidearen bihurgunea handiagoa izatea proposatu zuen Gaztaminzak, gune horretako trafikoa "motelagoa" izan dadin.

Gune horretarako bigarren aukera bat ere aurkeztu zuen, ordea, udal arkitektoak; harmailen atzeko bi zuhaitzak kentzeko dagoen aukera mahaigaineratu zuen. Herritarrek bi zuhaitz horiek kentzea erabakitzen badute, gune horretan "ekintza askotarako baliagarria" izan daitekeen bigarren estalpe bat eraikiko lukete probalekua estaliko luken estalpearen alboan; gune horretako zoladura ere aldatu egingo lukete kasu horretan.

[gallery columns="2" size="large" ids="424771,424772"]

 

Elizarako sarrera "txukuntzea" ere urbanizazio proiektuaren proposamenaren barruan sartu zuen udal arkitektoak, egun gune horrek "nortasunik" eta "merezi duen garrantziarik ez" duela iritzita. Halere, Gaztaminzak azpimarratu zuen eliza aurreko errepidea ezingo dela lotu herrigunetik kanpo eraikitzen ari diren errepide berriarekin. Herrigunetik doan errepidea bide berriarekin lotu ahal izateko, errepide zaharraren malda eta angelua "zuzenegiak" direla adierazi zuen arkitekoak. Gune horiek guztiak urbanizatuta, udaletxe aurrea oinezkoena izatea nahi du Aizarnazabalgo Udalak, nahiz eta "oraingoz" ez duten aurreikusi puntu horretan ibilgailuentzako zirkulazioa etetea. Udalaren asmoa da etorkizunean ibilgailuen trafiko astunena herrigunetik kanpo eraikitzen ari diren errepidera bideratzea.

Baltasar Etxabeko proposamenak

Gaztamina arkitektoak Baltasar Etxabe kalea beste modu batera antolatzeko hiru proposamen aurkeztu zituen segidan. Kalea egun bezala uzteko aukera dagoela adierazi zuen hark. Herritarrek aukera hori hobesten badute, ordea, kale horretako zebra bidearen parean errepidea estutzea eta okertzea "premiazkoa" jo zuen Gaztaminzak. "Zebra bidearen parean ez litzateke bi auto batera gurutzatzeko lekurik egongo, eta beraz, ibilgailu batek gelditu egin beharko luke", azaldu zuen hark. 

Baltasar Etxabe kalea antolatzeko lehen aukera.

Baltasar Etxabe kalea beste bi modutara antolatzeko aukerak ere helarazi zituen arkitektoak. Batetik, Arantzazu Etxetaldea kalerako noranzkoan kalearen eskuin aldeko aparkalekuak murrizteko aukera aurkeztu zuen. Egungo bateria erako aparkalekuak kendu eta autoak ilaran aparkatzeko aparkalekuak margotuko lituzkete kasu horretan, espaloiari leku gehiago emanez.

Baltasar Etxabe kalea antolatzeko bigarren aukera.

Bestetik, Arantzazu Etxetaldea kalerako noranzkoan eskuin aldeko aparkaleku guztiak kentzeko aukera erakutsi zuen arkitekoak, espazio hori guztia oinezkoei emateko. Gune hori ere margotu egingo lukete antolaketa aldaketaren seinale. Lurra margotuta, "probak" egin nahi ditu udalak Baltasar Etxabe kalean, eta erakundeak ikusten badu herritarrek hobetsitako antolaketak ondo funtzionatzen duela, udalak orduan egingo lituzke kale horretako obrak.

Baltasar Etxabe kalea antolatzeko hirugarren aukera.

Proiektuak, hiru fase

Herrigunea urbanizatzeko lanei ekin baino lehen, Aizarnazabalgo Udalak herritarren iritziak eta proposamenak jaso nahi ditu. Hori horrela, proiektua hiru fasetan banatu dute: informazio fasea, parte hartze fasea eta azterketa fasea. Dagoeneko abian da lehena, eta maiatzaren 16ra bitartean herritarrek aukera izango dute udalak egindako proposamenak ezagutzeko. Udaletxe azpian nahiz udalaren webgunean ikusi ahal izango dira proposamenak. Parte hartze fasea, berriz, maiatzaren 17tik 31ra bitartean egongo da zabalik. Aizarnazabaldarrek udalak aurkeztutako proposamenetako baten aldeko botoa emateko aukera izango dute herritarrek orduan. Hala eta guztiz ere, bestelako ekarpenak nahiz proposamenak egiteko aukera ere izango da bitarte horretan.

Azken fasea, azterketa fasea, ekainaren 1etik uztailaren 31ra bitartean luzatuko da. Parte hartze prozesuan jasotako botoak eta iradokizunak aztertzeko tartea hartuko du orduan erakundeak. Azken fase hori abiatu aurretik, ordea, udalak adierazi du bigarren informazio bilera bat egingo duela herritarrekin batera, parte hartze fasetik ateratako ondorioak aurkezteko. Hiru fase horiek amaitutakoan, lanak ahalik eta azkarren hastea nahi du Aizarnazabalgo Udalak, asmoa baita obrak "bi edo hiru urtean" amaitzea.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide