Zubialdeko autobus geltokia lekualdatzeko asmoa du Aizarnazabalgo Udalak

Ane Olaizola 2022ko otsailaren 2a

"Herritarren segurtasuna bermatzeko asmoz", Zestoako norabideko autobus geltokia herrigunera gerturatzeko eta hara iristeko espaloia egiteko proiektua egin du udalak. Era berean, Zarautzera aldeko geltokiaren parean semaforo bidezko oinezkoentzako pasabidea egin nahi du. Aldundiaren oniritzia jaso du erakundeak, eta URAren baimena falta da obrak egiten hasteko, lanak Intxillarte errekaren gainean egitea aurreikusten dutelako.

Aizarnazabalgo Udalak Zubialde auzoko autobus geltokian hainbat lan egiteko asmoa du. Izan ere, Zestoako norabideko egungo geltokia GI-2633 errepidearen ertzean dago, lehen Siete taberna zegoen eraikinaren parean, eta ibilgailuak handik "abiadura handiz" igarotzen direla eta, udalak lekuz aldatu nahi du autobus geltoki hori. Hain zuzen ere, egungo geltokitik ehun metro aurrerago, herrigunetik gertuago, eraiki nahi dute markesina berria, eta hara iristeko 80 metroko luzera eta bi metro inguruko zabalera izango duen beste espaloia ere egin nahi dute GI-2633 errepidearen ertzean. Horretarako, errepidearen bi aldeetan plataforma zabaldu beharko da.

Bestalde, Zarautzera aldeko geltokia bere horretan mantenduko dute, baina hara iristeko errepidea gurutzatu behar denez, markesinaren parean semaforo bidezko oinezkoentzako pasabidea ere egiteko asmoa du udalak.

Mari Karmen Arregi Aizarnazabalgo alkateak adierazi duenez, "herritarren segurtasuna bermatzeko" asmoz hartu du geltokia lekualdatzeko erabakia, eta lan horiek guztiak haientzat "onuragarriak" izango direla azpimarratu du. Proiektuak Gipuzkoako Foru Aldundiaren onespena jaso du dagoeneko, baina Uraren Euskal Agentziaren baimenaren zain da udala, lanak Intxillarte errekaren gainean egingo lituzteketelako eta beraz, URAk ere baduealako proiektuaren gaineko eskumena. Uraren Euskal Agentziak urtarrilaren 16an argitaratu zuen Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean proiektuaren iragarkia, eta herritarrek martxoaren 3ra bitartean aurkez ditzakete erreklamazioak agentzia horren Ekialdeko Kantauriar Arroen Bulegoan. Era berean, bulego horretan bertan dago txostena irakurgai, nahi duenak aztertu dezan.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide