Emakumeen Eskuz Binakako Txapelketa Nagusiko bi partida jokatu zituzten atzo, larunbata, Aizarnazabalen, eta bi lehiak gorriz jantzitatako bikoteek irabazi zituzten. Promozio mailako partidak azken unera arte izan zuen emozioa; izan ere, Mondragonek eta Zaldainek 22 eta 21 menderatu zituzten Peribañez eta Alduntzin.
Lehen Mailako partidan, ostera, azken orduko aldaketa bat egin behar izan zuten COVID-19ak eraginda. Etxekolonea eta Mujika aritu ziren Aizarnazabalen Iantziren eta Etxenikeren ordez; Etxekoloneak eta Mujikak 22 eta 16 menderatu zituzten Iturzaeta azkoitiarra eta Azpeitia arroarra.
Orotara, 22 pilotari ari dira lehian parte hartzen, bi mailatan banatuta. Aurten, pilotari guztiak amaren abizenarekin ari dira jokatzen txapelketa, eta Urola Kosta eskualdeak hiru ordezkari ditu: Eneritz Arrieta Iturzaeta, Naroa Agirre Azpeitia eta Oihana Orbegozo Iraeta. Lehen eta Promozio mailetako txapelketen finalak Azkoitiko Gurea pilotalekuan izango dira, otsailaren 27an.
Argazkiak: Ados Pilota