Emakumeen Eskuz Binakako Txapelketa Nagusiko jardunaldia izango da bihar Aizarnazabalen

Julene Frantzesena 2022ko urtarrilaren 21a

18:00etan hasita, txapelketako bi partida izango dira Atarisoro pilotalekuan. Lehen norgehiagokan Mondragonek eta Zaldainek Peribañez eta Alduntzin izango dituzte aurrez aurre; bigarren norgehiagokan, berriz, Iantzik eta Etxenikek Iturzaetaren eta Azpeitiaren kontra neurtuko dituzte indarrak.

Emakumeen Eskuz Binakako Txapelketa Nagusiak Aizarnazabalen egingo du geldialdia bihar, larunbata. Lehian parte hartzen ari diren pilotariek bi partida jokatuko dituzte: lehenengoan, Mondragonek eta Zaldainek Peribañez eta Alduntzin izango dituzte aurrez aurre; bigarren norgehiagokan, berriz, Iantzik eta Etxenikek Iturzaetaren eta Azpeitiaren kontra neurtuko dituzte indarrak.

Txapelketan amaren abizenarekin ari dira lehiatzen pilotariak, eta eskualdeko bi pilotarik jokatuko dute bihar Aizarnazabalen. Hain zuzen ere, Eneritz Arrieta –Iturzaeta– azkoitiarrak eta Naroa Agirre –Azpeitia– elkarrekin ariko dira bigarren partidan.

Pilota jaialdia 18:00etan hasiko da Aizarnazabalgo Atarisoro pilotalekuan. Sarrerak bertan eskuratu ahal izango dira, bost euroren trukean.

Orotara, 22 pilotari ari dira lehian parte hartzen, bi mailatan banatuta. Lehen eta Promozio mailetako txapelketen finalak Azkoitiko Gurea pilotalekuan izango dira, otsailaren 27an.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide