Txirrindularia

Gaizka Gurrutxaga: "Hasi berri dudan etapa honetaz disfrutatzea da nire helburuetako bat"

Nerea Uranga 2021eko azaroaren 17a

Txirrindularitza profesionalerako jauzia egin du Gurrutxagak (Aizarnazabal, 2000), UCI Continental mailako Galiziako Java Kiwi Atlantico taldearekin urtebeteko kontratua sinatuta.

Zein izan da txirrindularitzako zure ibilbidea?
Viveros San Anton Zumaiako taldean hasi nintzen txikitan, kimuen mailan. Taldean, ordea, bakarrik gelditu nintzen, beste adinkide denek txirrindularitza utzi egin zutelako. Ondorioz, Zarauztarra taldera joan nintzen, eta hainbat urte egin nituen han. Gero, 23 urtez azpikoen talde batera joateko garaia iritsi zitzaidan, eta txirrindularitzan jarraitu ahal izateko, Zarauzko Eulen taldean hasi nintzen. Hiru urte egin ditut Eulenen, eta azkenekoa falta zitzaidan maila horretan. Baina, nahiz eta taldean giro oso ona genuen, pixka bat aspertuta nengoen, eta beste talde batera joateko ilusioa nuen.

Hortaz, aldatzeko gogoz zeundela etorri zaizu horretarako aukera, ezta?
Bai, hala da. Justu UCI Continental mailako Galiziako Java Kiwi Atlantico taldeak deitu zidan, eta eskaini didaten aukera aprobetxatu beharko dut.

Halako aukera bat izatea oso zaila al da txirrindularitzan?
Txirrindularitza oso gogorra da, eta maila horretako talde gutxi daude Euskal Herrian. Nire kasuan, kanpoko talde batek deitu dit urtebeterako kontratua egiteko.

Galiziako taldea izanda, nola moldatuko zara entrenatzeko eta?
Hemen inguruan entrenatuko dut batik bat, baina kasu batzuetan kanpora ere joan beharko dut entrenatzera; esaterako, taldearen konzentrazioa, ziurrenik, L’Albirren, Calpen [Valentzia, Herrialde Katalanak] egingo dugu. Etxean entrenatzen dudanetan Goierri aldera joatea asko gustatzen zait, baita Bizkai aldera ere. Orain, denboraldia hasi aurretik, astean bitan edo hirutan gimnasiora joaten naiz. Gainera, mendian oinez eta errepidean bizikletaz kilometroak egiten ditut.

Entrenatzailea taldeak jarri dizu edota zuk aukeratu duzu?
Aukera ematen digute taldeko entrenatzailearekin jarduteko edota guk gurea hautatzeko. Nire kasuan, neure entrenatzailea hartu dut, Unai Amenabar oriotarra. Orain gutxi hasi naiz Amenabarrekin, eta hark agintzen dit zer-nolako entrenamendua egin. Mikel Elorza azkoitiarraren bidez hasi naiz harekin entrenatzen; Elorza ere txirrindularitza profesionalean ibili zen, eta hark gomendatu zidan Amenabar. Oso gustura hasi naiz harekin.

Esan al dizu talde berriak zein lasterketatan parte hartuko duzun?
Martxoan hasiko dugu lasterketen denboraldia, eta lehenak Mallorcan izango ditut. Proba inportanteak dira jokatuko ditudanak, eta aurrean ibiltzeko asko saiatu beharko dut; serio prestatu eta zaindu egin beharko naiz.

Zer helburu dituzu?
Taldeko liderrari laguntzea, taldeko mailota erakustea eta hasi berri dudan etapa berri honetaz disfrutatzea izango dira nire helburuak.

Txirrindularitzatik bizitzeko aukera ematen al dizu kontratu berriak?
Txirrindularitzatik bizitzea oso zaila dago, baina aurreneko pausoa eman dugu, eta espero dut gauzak ondo joatea. Uste dut eman didaten aukerari zukua ateratzen saiatu behar dudala, eta ea nola irteten duen!

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide