Aizarnazabalen Banakako Pilota Txapelketa antolatzeko lanean hasi da Kirol Batzordea

Nerea Uranga 2021eko urriaren 30a

Aizarnazabalgo KIrol Batzordeak azarorako adin guztietako herritarrei zuzendutako pilota txapelketak jarri nahi ditu martxan, palaz eta eskuz. Horretarako, izen-emateak zabaldu ditu.

Herriko Kirol Batzordeak adin guztietako pilotazaleei zuzendutako pilota txapelketak antolatu nahi ditu azarorako. Banakako Pilota Txapelketa izango da eta bi modalitatetan jokatuko dute: palaz eta eskuz. Parte hartzaile bakoitzak erabaki ahal izango du zein modalitatetan jokatu nahi duen, eta Kirol Batzordeak eskaeraren eta izen-ematearen arabera prestatuko ditu txapelketak.

Dagoeneko, adin tarteen arabera, izen-ematea zabaldu dute. 8 urtetik 12 urtera arteko haurren azaroaren 5era bitartean eman behar dute izena, eskolan. Aizarnazabalgo eskolan ez dabiltzan haurrek Lauburu liburutegian eman beharko dute izena. Maila horretakoen pilota txapelketa azaroaren 12an hasiko dela azaldu dute antolatzaileek.

12 urtetik gorakoentzako izen-ematea azaroaren 12ra bitartekoa izango da. Kasu honetan, hiru maila zehaztu ditu Kirol Batzordeak: 12 eta 13 urtekoak, 14 urtetik 18ra artekoak eta 18 urtetik gorakoak. Maila horietako batean jardun nahi dutenek Liburutegian, Uztarrin edota Troxkan eman dezakete izena.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide