Bi kirol ekintza antolatu ditu Aizarnazabalgo Kirol Batzordeak astebururako

Anartz Izagirre 2021eko urriaren 14a

Larunbatean bizikleta martxa izango da 09:00etan hasita, eta igandean, 16,5 kilometro luzera izango duen mendi martxa egingo dute. Udaletxe aurretik aterako dira bi ekintzetako parte-hartzaileak.

Aizarnazabalgo Kirol Batzordeak bi ekintza antolatu ditu asteburu honetarako. Alde batetik, bizikleta martxa egingo dute larunbatean. Aizarnazabaldik abiatuta Arroa Goira joango dira; handik, berriz, Elorriaga, Zumaia eta Oikia igaroko dituzte, eta berriro Aizarnzabalera itzuliko dira. 14 urtetik gorako herritarrek parte hartu ahal izango dute martxan, eta arduradun talde bat joango da partaideekin taldearen martxa egokia ziurtatzeko eta ibilbidea kontrolatzeko. Parte hartzeko baldintza bakarra ezarri dute: bizikleta egoera onean izatea.

Igandean, berriz, mendi itzulia izango da. Honako ibilbidea egingo dute txangoan: Aizarnazabal-Ibañarrieta-San Lorente-Basustagaña-Zumaiako frontoia-Karakas-Arteaga-Oikia-Artabilla-Eiza-Larra-Muitza gaina-Aizarnazabal. Guztira, 16,5 kilometroko ibilbidea izango da, eta adin txikikoek arduradun batekin joan beharko dute ekintzara.

Bi ekintzak goizeko 09:00etan aterako dira, Aizarnazabalgo udaletxe aurretik.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide