Aizarnazabalgo Wavegarden enpresak zazpi surf parke egingo ditu Japonian, JPF promotorearekin sinatu berri duen akordioa tarteko. Datozen zazpi urteetan egingo dituzte olatu artifizialdun instalazioak eraikitzeko lanak. Ez da, baina, Wavegardenek Europatik kanpo halako parke bat eraikiko duen lehen aldia izango; izan ere, Hego Korean eraikita du halako bat.
Gainera, Hego Amerikan ere hasi da lanean Aizarnazabalgo enpresa. Zehazki, KSM Realty promotorearekin hitzarmena sinatu du, datozen hamar urteetan elkarlanean aritzeko. Dagoeneko zazpi olatu artifizialen parke ditu martxan Wavegardenek eta beste bost eraikitzen ari da, hala nola Brasilen, Ameriketako Estatu Batuetan eta Australian. Irailean, gainera, Manchesterren surferako eremu bat eraikitzeko proiektuari argi berdea eman zioten. 2023rako parkea prest egotea aurreikusten dute.