Mikel Aizpurua oiartzuarrak eta 'Argi' txakurrak irabazi dute Aizarnazabalgo XII. Artzain Txakur Txapelketa

Aitziber Arzallus 2021eko irailaren 25a

Peio Segurola matxinbentarrak hirugarren egin du, eta Manuel Gorriti aizarnazabaldarrak, bosgarren.

Dagoeneko ohitura bihurtu den gisan, gaur goizean XII. Artzain Txakur Txapelketa jokatu dute Aizarnazabalen. Udalak, Fraisoro eskolak, Jakan pentsuakek eta Artxatek antolatu dute txapelketa, eta seik artzainek parte hartu duten, beren txakurrekin: Manuel Gorriti aizarnazabaldarrak, Indo txakurrarekin; Peio Segurola matxinbentarrak, Argi txakurrarekin; Bittor Bengoetxea galdakaoztarrak (Bizkaia), Truke txakurrarekin; Jabier Gaztañaga antzuolarrak (Gipuzkoa), Artzai txakurrarekin; Jon Olibares zeanuriarrak (Bizkaia), Bizi txakurrarekin; eta Mikel Aizpurua oiartzuarrak (Gipuzkoa), Argi txakurrarekin. Eguraldi aparta lagun, dozenaka herritar joan dira txapelketa bertatik bertara ikustera. Lehia estua izan da, eta puntu bakar baten aldearekin, Aizpuruarentzat eta Argi txakurrarentzat izan da garaipena

 

Bi proba egin behar izan dituzte txapelketan parte hartu duten sei artzainek. Lehen ariketa puntuagarrian, bi seinaleren artetik igaro behar izan dute txakurrek, eta zelaiari itzulia emanda, artaldearen bila joan. Ardiak hesi batetik pasatu ostean, horiek artzainaren aurrean zegoen gunera eraman behar izan ditu lehenik, eta segidan, epaileek agindutako hesietatik pasarazi, ezkerrekotik edo eskuinekotik. Artzain bakoitzak zazpi minutu izan ditu lanak egiteko.

Bigarren ariketan, belardia inguratu aurretik seinaleztatutako bidea egin behar izan dute txakurrek, eta epaileek txilibitua jotakoan txakurrek lurrean etzan behar izan dute. Artaldearen bila joandakoan, haiek itxitura borobilera bideratu behar izan dituzte, han sartzeko lehenik eta handik ateratzeko gero. Lan horiek egiteko ere parte hartzaile bakoitzak zazpi minutuko denbora izan dute.

Honela gelditu da sailkapena, Aizarnazabalen:

1- Mikel Aizpurua: 296 puntu (Argi txakurra)

2- Jon Olibares: 295 puntu (Bizi txakurra)

3- Peio Segurola: 274 puntu (Argi txakurra)

4- Jabier Gaztañaga (Artzai txakurra)

5- Manuel Gorriti (Indo txakurra)

6- Bittor Bengoetxea (Truke txakurra)

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide