Duela urtebete esan zenuen izurriak eraginda ezin izan zenituztela nahi adina gauza egin udalean. Orduan nahiko ilun ikusten zenuen kontua. Gauzak hobetu al dira?
Bai, gauzak hobetu dira. Egia esan, azken urtea oso nahasia izan da; eguna hasten genuen, baina ez genekien nola amaituko zen. Egoera oso aldakorra zen, eta katrapilatuta bezala geunden; ez genekien nondik nora jo. Dena den, egunean egunekoari eusten joan gara, eta hobetzen goazela iruditzen zait; edo ikasten edo egoerara ohitzen ari garela.
Koronabirusa tarteko, proiektu batzuk gelditu egin behar izan zenituzten. Zein da egoera horiei dagokienez?
COVID-19ak eragindako ziurgabetasunaz gain, aldundiaren foru funtsetik diru gutxiago jaso genuen. Guretzako oso garrantzitsua izaten da laguntza hori; izan ere, diru horrekin egiten ditugu zenbait proiektu. Hala eta guztiz ere, urteak aurrera egin ahala, sarrerak hobetzen joan ziren: industriari dagokionez, zabalkutza batzuk izan ziren; etxebizitzak ere saldu dira.... Espero ez genituen sarrerak izan ditugu, eta, azkenean, pentsatuta genituen proiektuak gauzatu ahal izan ditugu. Hori bai, baserri bideen kontua hor gelditu zaigu; ezin izan ditugu konpondu, baina aurten helduko diogu horri. Horrez gain, denek bezala, kultur ekintza guztiak bertan behera utzi behar izan ditugu, osasun neurriengatik. Gainontzeko egitasmoak, ordea, gauzatu ditugu.
Zeintzuk?
Hiri Antolamenduko Plan Orokorrarena izan da egitasmo garrantzitsuena. Gure helburuetako bat zen plan hori onartzea, eta nahiko arazo izan ditugun arren, lortu dugu azkenean. Urakek bete ezin genituen baldintza batzuk eskatzen zizkigun plan hori onartu ahal izateko; izan ere, Aizarnazabalgo herriak ur zikinak ibaira botatzen ditu zati batean, eta hori konpontzeko eskatzen zigun. Kontu horri irtenbiderik eman ezean, HAPO ez zigutela onartuko esan ziguten. Orduan, akordio batera iritsi ginen: Aizarnazabaldik Oikiara joango den kolektorea egingo dute, ur zikinak jasotzeko. Guk orain herria prestatu behar dugu horretarako; hartu genituen konpromisoak betetzen ari gara.
HAPOaren kontua oso garrantzitsua da etxebizitza berriak egin ahal izateko, ezta?
Bai, plan hori onartu ezean, ezin genuen etxebizitzak egiteko baimenik eman. Etxe gehiago, ur zikin gehiago; beraz, ur zikinen arazoa konpondu arte ez ziguten baimenik ematen etxebizitzak egiteko. Dena den, dagoeneko onartu dugu HAPO, eta hasi dira herrian etxebizitzak egiten. Lau etxebizitza egiten ari dira plazaren ondoan, Apaiz Etxea zegoen tokian; urtea amaitzerako bukatuko dituzte lanak. Horrez gain, Gaiko Etxeberrin beste hamabi etxebizitza egiteko proiektua dago, lehen esnetegia zegoen tokian. Txantil soroan ere etxebizitzak egiteko proiektua dago. Aurrerapausoak eman ditugu gai horri lotuta, eta oso garrantzitsua da hori. Izan ere, gure nahia da etxebizitzak egitea jendea herrian bertan gelditzeko.
Ur zikinena urte askoan izan duzuen arazoa da, ezta?
Bai, urteetako kontua da. Legeak agintzen du ur zikinak eta garbiak bereizi egin behar direla, eta garbiak bakarrik joan behar duela ibaira. Guk ez daukagu araztailerik edo ura garbitzeko sistemarik, eta horregatik egin behar dute kolektorea, gure ur zikinak Oikiako araztegira bideratzeko. Horrela, arazo handia konponduko da. Orain arteko sistemarekin ibaia kutsatzen genuen, eta sistema berria ingurumen aldetik hoberako izango da.
Irisgarritasuna hobetzeko ere zenbait obra egin duzue.
Pilotalekuaren sarrera eta eskolako komunak irisgarri egin ditugu. Eskolako komunak ez zeuden prestatuta ezintasuna zutenentzat, eta urtean-urtean ari gara hobekuntzak egiten; lehen bi solairuetako komunak egokitu ditugu, eta orain hirugarrenarekin ari gara. Eskola ere irisgarritasunaren aldetik moldatuta geldituko da, eta aurrerapauso bat da hori. Udaletxeak ere ez ditu irisgarritasun baldintzak betetzen. Horri irtenbidea emateko zer egin aztertzen ari gara.
Agintaldi honetako bi urte joan dira, eta beste bi dituzu aurretik. Zer lortu nahiko zenuke?
Herriko sarrera pixka bat ordenatzea; hori izango da gure proiektu potoloenetako bat hurrengo bi urteetan. Izan ere, sarrera nahiko estua da, arazoak ematen ditu... Aurreko agintaldian parte hartze prozesu bat egin genuen; herritarrekin bilera batzuk egin eta nolako herriko plaza nahiko genukeen ondorioztatu genuen. Hori oinarri hartuta, proiektu bat diseinatzen ari gara; bukatzear dago. Ondoren, jendeari erakutsiko diogu proiektua; herritarren iritziak jasoko ditugu, eta moldaketak egin behar badira, egin egingo ditugu. Hainbat proposamen egin dute herritarrek: plaza estaltzea, plaza oinezkoentzako soilik egokitzea... Jende asko ibiltzen da gune horretan, ekintza gehienak bertan egiten dira, eta eremu horri eman nahi diogu garrantzia. Nahiko nuke beste bi urtean hori eginda uztea, ea posible den.
Zubialde auzoa txukuntzeko lanean ere ari zarete.
Errepide nagusia igarotzen da auzo horretatik, eta etxeak daude errepidearen bi aldeetan; autobus geltokia ere bai alde batean. Autobus geltokira nahiz etxe batzuetara joateko errepidea gurutzatu behar da, eta oso arriskutsua da gunea, autoak oso azkar ibiltzen baitira. Espaloia, zebrabidea eta semaforoa jarri nahi ditugu han, eta autobus geltokia errepide bazterretik barrurago eraman. Zubialdek segurtasuna behar du, eta horretarako lanean ari gara. Egitasmo hori aurrera eramateko, aldundiarekin hitzarmen bat egin dugu, eta azken baimenaren zain gaude. Urtearen bukaerarako gauzatu nahiko genuke obra.
Beste erronkarik ba al duzu?
Bada gauza bat poza ematen didana. Urte askoan Kirol Batzordea egon da Aizarnazabalen, baina erreleborik ez zegoela eta, bertan behera gelditu zen. Hori horrela, udalak ardura hori bere gain hartu eta batzordea osatu zuen, eta nahiko ondo funtzionatzen ari da talde berria; jendea animatuta dago eta mendi irteerak-eta egiten ari dira. Sekulako poza ematen du horrek, herriari bizitza ematen baitio.
Bestalde, aldundiaren Gaztematika programan parte hartuko dugu. Gazteak pixka bat motibazioa galduta ikusten genituen, eta haiekin lanketa bat egin beharra sumatzen genuen. Gazteengana hurbildu nahi genuen, zer behar dituzten jakiteko. Udalerri txikietan ez dugu baliabiderik halako proiektuak sustatzeko, eta aldundiaren programa horren bidez egingo dugu lanketa.
Horrez gain, Aranzadirekin elkarlanean, beste egitasmo bat garatzen ari gara. Askotan ez dugu jakiten herrian zer fauna eta flora ditugun, eta Aranzadik ikerketa bat egin du horri lotuta. Txosten bat osatu dute, eta irailean helduko diogu horri, zer hobetu eta zer mantendu behar dugun ondorioztatzeko.