Urtebeteko etenaren ostean, Gervaisen eta Larrarteren oroimenezko Gipuzkoako erlojupeko txirrindularitza lasterketak jokatu zituzten atzo, asteartea, Aizarnazabalen. Alde batetik, junior mailako hamabost txirrindularik 14,5 kilometroko ibilbidea egin zuten –Larrarteren oroimenez–; Aizarnazabaldik hasi eta Zumaiako saihesbideko biribilguneraino joan ziren parte hartzaileak, eta ondoren, Aizarnazabalera itzuli ziren berriro. Eta bestetik, eliteko txirrindulariek eta 23 urtez azpikoek 21 kilometroko ibilbidea egin zuten –Gervaisen omenez–; horiek Iraetara joan ziren lehenik, eta ondoren, buelta hartu eta Zumaiako saihesbideko biribilgunera jo zuten, eta handik, berriro, Aizarnazabalera. Guztira, hamabost txirrindularik parte hartu zuten maila horretan ere.
Elite eta 23 urtez azpikoen mailan, Enekoitz Azparren (Laboral Kutxa) izan zen garaile, eta emakumeetan, Usoa Ostolaza (Laboral Kutxa). Junior mailan, berriz, Haimar Etxeberria (Buruntzazpi) eta Lur Zufiria (Limousin) izan ziren garaileak.
Lasterketak 18:30ean hasi ziren, eta probak amaitu ostean egingo zuten sari banaketa, udaletxe aurrean. Gipuzkoako Txirrindularitza Federazioak banatu zituen sariak.