Urtebeteko etenaren ostean, datorren asteartean, hilak 15, Gervaisen eta Larrarteren oroimenezko Gipuzkoako erlojupeko txirrindularitza lasterketak egingo dituzte Aizarnazabalen.
Alde batetik, junior mailako hamabost txirrindularik 14,5 kilometroko ibilbidea egingo dute —Larrarteren oroimenez—; Aizarnazabaldik hasi eta Zumaiako saihesbideko biribilguneraino joango dira parte-hartzaileak, eta ondoren, Aizarnazabalera itzuliko dira berriro. Eta bestetik, eliteko txirrindulariek eta 23 urtez azpikoek 21 kilometroko ibilbidea egingo dute —Gervaisen omenez—; horiek Iraetara joango dira lehenik, eta ondoren, buelta hartu eta Zumaiako saihesbideko biribilgunera joko dute, eta handik, berriro, Aizarnazabalera. Guztira, hamabost txirrindularik parte hartuko dute maila horretan ere.
Lasterketak 18:30ean hasiko dira, eta sari banaketa probak amaitu ostean egingo dute, udaletxe aurrean. Gipuzkoako Txirrindularitza Federazioak banatuko ditu sariak.
Boluntario eske
Aizarnazabalgo Udalak adierazi duenez, lasterketa horiek antolatzeko bidegurutzeak zaintzeaz arduratuko diren boluntarioak behar dituzte, adin nagusiko 36 pertsona, hain zuzen; horretarako, deialdia egin du erakundeak. Eginkizun horretan aritzeko prest dauden lagunek alkatearengana zuzendu beharko dute, izena emateko.