Zergatik animatu zara Kirol Batzordean parte hartzera?
Betidanik izan dut kirolarekin lotura. Gazte garaian lehiaketetan parte hartzen nuen. Txirrindularitza mundutik nator, baina, oro har, kirolarekin lotura estua izan dut beti. Urteak joan ahala bizimodua aldatzen joan zait, baina kirolean eta jarduera fisikoan sinesten dut. Badakit Aizarnazabalen urte askoan egon dela kirol elkarte bat eta gauza asko egin dituztela. Baina orain ikusi da, nolabait esateko, eta ez txarrera, hutsune bat zegoela.
Udalak deialdia egin zuenean, ez nuen zalantza handirik izan parte hartu behar nuela erabakitzeko; modu aktiboan laguntzea nahi nuen. Kirola sustatzea da gure helburua, eta horretarako lantalde bat behar da. Askotan, gehienetan, gauzak eskatu egiten ditugu, baina ahaztu egiten zaigu beste alde hori; gauzak egin ere egin behar direla, alegia. Ni ahal den guztia egiteko gogoz nago; hausnarketan parte hartzeko eta laguntzeko prest.
Zure ustez, zein da Kirol Batzordeak izango duen erronka nagusia?
Kirola sustatzea da gure helburua, baina osasunean, harremanetan eta bizikidetzan oinarrituta. Adin guztietako herritarrengana iristea nahi dugu, eta kirolaren bidez herri giroa eta bizikidetza indartzea, berdintasuna helburu hartuta. Horiek ipar hartuta lan egitea nahi dugu eta beti saiatuko gara, herritarren erantzunaren arabera, proposamen desberdinak gauzatzen. Izan ere, batzuetan ilusio handiz proposatzen dituzu ekintzak, baina horiek erantzun bat behar dute; horren arabera, errealitateari erantzuna ematen saiatuko gara. Hasiera honetan, batzordeari forma ematen ari gara.
Herrian dituzuen kirolerako baliabideak eta azpiegiturak kontuan hartuta egingo dituzue proposamenak?
Hasieran, gure asmoa da, printzipioz, herritik mugitu gabe aritzea. Kirol instalazioez gain, herriak eskaintzen digun ingurua, mendia eta natur ingurunea baliatzen ahaleginduko gara. Epe luzera begira jarrita, herritik ateratzea ere izan daiteke gure helburuetako bat, beste kirol eskaintza batzuk ere aukeran jartzeko.
Kirol klubik ez dago gaur egun Aizarnazabalen.
Ez, ez dago halakorik. Lehen, aipatu dudan kirol elkartea zegoen, baina hark bukatu zuen bere ibilbidea, eta momentu honetan ez dago.
Datorren asteartean egingo duzue Kirol Batzordearen bigarren bilera, eta "parte hartu nahi duten guztiei" egin diozue bertaratzeko gonbita.
Bai, noski. Izan ere, zenbat eta jende gehiago elkartu, uste dut orduan eta proposamen eta aukera gehiago sortuko direla. Nik nire ikuspuntutik ikusiko ditut dauden hutsuneak, eta neure gustuen edota interesen arabera saiatuko naiz horiei irtenbide bat topatzen edo erantzun bat ematen. Baina zenbat eta jende gehiagok parte hartu, gauza, errealitate, behar eta interes gehiago jarriko dira mahai gainean, eta horietara iristeko ahaleginak ere bai.
Batzordea irekia izanda, iruditzen zait hobetzeko aukerak areagotu egiten direla. Horregatik animatzen dut nik ere jendea parte hartzera, horrela ez delako beti talde txiki batek esaten duena egingo, eta proposamen eta ideia berriak zein haize freskoa beti izango direlako ongi etorriak.