Herriko kirol jarduera sustatzeko batzorde berria martxan dago

Mailo Oiarzabal 2021eko maiatzaren 7a

Sei lagunek osatu dute, momentuz, lantaldea, udalaren deiari erantzunez. Indamendi Egunerako mendi martxa antolatu du Kirol Batzorde sortu berriak, hilaren 16rako.

Joan den apirilaren 24an eratu zuten Aizarnazabalen herrian kirol jarduera sustatuko duen Kirol Batzorde berria. Udalak "bultzatuta eta eskatuta" eta erakundearen ardurapean sortu dute batzordea, Mari Karmen Arregi alkateak azaldu duenez; eta, momentuz, sei herritarrek osatzen dute lantaldea.

Fruiturik eman ez zuten pare bat saiakera eta gero lortu dute, azkenean, Kirol Batzorde berria martxan jartzea, eta «oso pozik» dago Arregi. Adin ezberdinetako herritarrekin, gizon eta emakumeekin, "taldetxo polita eta anitza" osatu dela nabarmendu du, "jendea gogotsu" ikusten duela gaineratuta.

Aizarnazabalen urte luzez lan egin zuen eta "errelebo falta" tarteko desegin zen kirol elkarteak utzitako "hutsunea" betetzera dator Kirol Batzorde berria. "Gu ezin gara denera ailegatu, herritarren lankidetza behar genuen", azaldu du Arregik.

Indamendira mendi martxa

Kirol Batzorde sortu berria lehen pausoak ematen ari da, eta badu bidea aurretik. "Funtzionamendua zehaztea" izango da batzordearen lehen urratsetako bat.

Hala ere, herritar guztiei zuzendutako lehen proposamena jarri du dagoeneko mahai gainean batzorde berriak. Hil honen 16an Indamendi Eguna izango da, eta mendi martxa antolatu du Kirol Batzordeak egun horretarako.

Ez dute irteera ordu bateraturik izendatu; parte hartzeko asmoa duten herritarrek nahi duten ordua aukera dezakete Indamendira abiatzeko. Hori bai, tontorrera iristen direnek herriko tabernetako batean pintxoa jateko tiketa jasotzeko aukera izango dute, eta 10:00etatik 12:00etara bitartean banatuko dituzte txartel horiek Indamendin. Antolatzaileek zehaztu dute aipatutako datan ezarrita egongo diren COVID-19aren aurkako neurriak errespetatu beharko direla.

Bestetik, datorren asteartean, hilaren 12an, egingo du bigarren bilera Aizarnazabalgo Kirol Batzorde berriak, 18:00etan, udaletxean. Bilera irekia izango da, eta "parte hartu nahi duten guztiei" egin diote bertaratzeko gonbita.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide