Samiel Txiki egunean emanaldia egingo du Aizarnazabalgo Alaitsu dantza taldeak

Mailo Oiarzabal 2021eko maiatzaren 4a

Atari Soro pilotalekuan izango da larunbateko saioa, 18:00etan. Gonbidapena dutenek bakarrik sartu ahal izango dute pilotalekura. Bestetik, maiatzaren 17an irekiko du Alaitsu musika eta dantza eskolak 2021-2022 ikasturterako izen-ematea.

Aurten ere Samiel Txiki festak "ofizialki" ospatu gabe geldituko dira Aizarnazabalen. Datorren larunbatean, maiatzaren 8an, da Samiel Txiki eguna, baina COVID-19ak eragindako osasun larrialdi egoera dela eta, ospakizunik ez du antolatu udalak.

Hala ere, festa ukitu bat izango du, bederen, larunbatak Aizarnazabalen. Alaitsu dantza taldeak emanaldia prestatu du egun horretarako, eta, aspaldiko partez, herriko dantza taldearen ikuskizunaz gozatzeko aukera izango dute aizarnazabaldarrek Atari Soro pilotalekuan. 18:00etan hasiko dute saioa dantzariek.

Pandemia dela-eta ezarritako segurtasun neurrien eta murrizketen pean egingo dute emanaldia Alaitsukoek. Horrela,emanaldira joan nahi dutenek ezinbestekoa izango dute aurrez gonbidapena eskuetan izatea; dantza taldekoek banatuko dituzte gonbidapenak, "legeak agintzen duen aforoa egoki betetzen dela bermatzeko", eta gonbidapenik gabe ezingo da Atari Sorora sartu. Gainera, ikuskizunak irauten duen bitartean ikusleak ezingo dira beren eserlekuetatik mugitu, eta musukoa jantzita egotea ere ezinbestekoa izango da. "Antolakuntzak emandako jarraibidei kasu egitea ezinbestekoa" izango dela azpimarratu dute.

2021-2022 ikasturterako izen-ematea

Bestetik, maiatzaren 17tik 31ra (biak barne) irekita izango da Alaitsu musika eta dantza eskolan 2021-2022 ikasturterako izena emateko epea.

Izena emateko galdetegi bat bete beharko da, eta galdetegi horren lotura Whatsappez zabalduko dute Alaitsukoek; norbaitek Whatsapp bidezko mezua jasoko ez balu, berriz, alaitsu.musikadantzaeskola@gmail.com helbidera idatzi dezake, galdetegia eskatzeko edota zalantzak argitzeko. "Eskaintza, prezioak, ordainketa moduak eta beharrezko xehetasun guztiak galdetegiarekin batera jakinaraziko" ditu Aizarnazabalgo musika eta dantza eskolak.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide