Juan Carlos Irizar musikaria hil da, 69 urte zituela. 1951n Oñatin jaioa, gaur arratsaldean zendu da aspalditik bizileku zuen herrian, Aizarnazabalen. Musikaren munduan ibilbide oparoa eginiko gizona zen Irizar.
Donostiako, Madrilgo, Paueko eta Erromako Santa Zezilia goi eskoletan egin zituen ikasketak, eta hainbat orkestraren zuzendaria izan da; besteak beste, Bartzelonako Lizeoko Orkestra Sinfonikoarena, Paueko Kontserbatorioko Orkestrarena, Erromako Santa Zezilia Akademiako Orkestraren, Donostiako Schola Cantorum abesbatzarena, Galdakaoko Zaletasuna abestatzarena, eta gaur egun Arrasateko Aita Menni Ospitaleko abesbatzako zuzendaria zen; bertan musikoterapia saioak egiten zituen. Hainbat udal bandatako zuzendaria ere izan da; besteren artean, Gasteizkoarena, Zestoakoarena, Getariakoarena eta Galdakaokoarena.
Horiez gain, hainbat lan egin eta argitaratu izan ditu: 30 bat disko, partitura liburuak, film eta dokumentaletako soinu bandak, antzerkietarako musika piezak, Donostiko Iradier baletarentzat eta Gasteizko Samaniego baletarentzat abestiak eta abar. Donostiako Zinemaldiaren ereserkia eta Bilboko Mari Jaia martxa ere berak egindakoa dira. Euskararen aldeko hainbat jaialdiren abestiak ere konposatu izan ditu: Kilometroetakoa, Eskola Txikien Festakoa, Ibilaldiakoa...
Gipuzkoako Hitzako lankideek 2017an egin zioten elkarrizketa, hemen.