Gimnasioan bete beharreko segurtasun eta garbitasun neurriak gogorarazi ditu Aizarnazabalgo Udalak

Mailo Oiarzabal 2021eko martxoaren 4a

Bestetik, yoga klaseak hil honetan hasi nahi dituzte Lauburun, "taldea osatuz gero". Interesa dutenek liburutegian eman behar dute izena.

Aizarnazabalgo Udalak herriko gimnasioan bete beharreko segurtasun eta garbitasun neurriak gogorarazi ditu, eta gimnasioaren erabiltzaile guztiek horiek betetzea "ezinbestekoa" dela nabarmendu du.

Lau neurri edo betebehar zehaztu ditu udalak. Lehenik eta behin, azpimarratu du "derrigorrezkoa" dela gimnasioan musukoa erabiltzea. Horrekin batera, erakundeak gogoratu du gimnasioaren gehienez sei pertsonak erabil dezaketela aldi berean instalazioa, aparatuak erabili ondoren garbitu egin behar direla eta dutxak erabil daitezkeela, baina "beti ere, banaka".

Yoga eskolak hasteko aukera

Bestetik, hil honetan hasita yoga klaseak hartzeko aukera izango da Aizarnazabalen. Horretarako, ordea, gutxieneko taldea osatu beharko da. Yoga eskolak astelehenetan eta asteazkenetan ematea da asmoa, 18:30etik 20:00etara, Lauburuko laugarren solairuan.

Interesa dutenek liburutegian eman behar dute izena.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide