Aizarnazabalgo Udalak ohiko udalbatzarra egin zuen joan zen urtarrilaren 27an, eta bertan, COVID-19ak kaltetutako ostalariei, merkatariei zein zerbitzuei dirulaguntza ematea onartu zuten. Udalaren arabera, lokalak desinfektatzeak eragindako gastuak ordaintzeko izango da laguntza, eta urte amaierara bitartean eskatu ahal izango da, udaletxean.
Horrez gain, komunitateetan igogailuak jartzeko dirulaguntza eskaintzea ere onartu zuen udalak udalbatzarrean. Laguntza ekonomikoa aurrekontu orokorraren %20koa izango da (BEZ kanpo), eta gehienez ere 6.000 euro banatuko dituzte. Bestalde, luzatu egin dute familia ugarientzat Ondasun Higiezinen Zergan (OHZ) eta Trakzio mekanikodun ibilgailuen gaineko zergan hobariak eskatzeko epea; martxoaren 31 bitartean eskatu ahal izango dira hobariak, udaletxean bertan.