Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak eta Aizarnazabalgo Udalak jakinarazi dutenez, bihartik aurrera Aizarnazabalek ez ditu eremu gorriko herriek dituzten neurri murriztaileak izango. 780,23 da intzidentzia tasa gaur-gaurkoz Aizarnazabalen, baina egoerak nabarmen egin du hobera.
Herriko panorama zein zen ikusita, iazko abenduaren 30ean ostalaritza guneak, liburutegia eta gimnasioa ixteko erabakia hartu zuen Aizarnazabalgo Udalak. Kasu positiboak hazten ari zirela ikusita, urtarrilaren 7an baheketa masiboa egin zuten herrian Osasun Sailak deituta. Herritarren ia %10ak eman zuen positibo orduan eta intzidentzia tasa 7.000tik gorakoa izatera iritsi zen. Asteotan, ordea, egoerak hobera egin du Aizarnazabalen, eta azken zazpi egunetan ez dute kasu positibo bakar bat ere atzeman.
Hori horrela izanik, udalak adierazi du Lauburuko liburutegia eta gimnasioa jendearentzat irekiko dituztela berriz ere bihar. Era berean, ostalaritza guneek ere ateak irekitzeko aukera izango dute. Hala eta guztiz ere, Eusko Jaurlaritzak indarrean ditu Araba, Bizkai eta Gipuzkoako herri guztientzako beste hainbat neurri murriztaile, horien artean herritik irteteko eta bertara sartzeko askatasuna. Hori kontuan izanik, aizarnazabaldarrek arrazoitutako beharrezko jarduerak egitera irten ahalko dute beren herritik. Aizarnazabalgo Udalak, bide batez, osasun neurri guztiak betetzeko eskatu die herritar guztiei.