Gauzak geroz eta beltzago jartzen ari zaizkie Aintzane Pujanaren hilketaren harira akusatutako bi errenteriarrei. Izan ere, hilketa delituaz gain, beste bi delitu egotzi dizkie Azpeitiko 1. Instrukzio Epaitegiko epaileak: Pujana legez kanpo atxikitzea eta hura sexualki esplotatzea. Berria egunkariak baieztatu ahal izan duenez, epaileak erabaki du akusazioak zabaltzea Ertzaintzak aurkeztutako frogak aztertu eta akusatuei deklarazioa hartu ondoren.
Bi atxilotuak bikotea dira: 24 urte ditu gizonezkoak eta 23 emakumezkoak. Ertzaintzak zabaldutako informazioaren arabera, Aizarnazabalgo landetxe bateko apartamentu batean bizi ziren joan den azaroaz geroztik, eta haiekin bizi zen Pujana ere. Ertzainek uste dute hilketa «urtarrilaren 2ko goizaldeko lehen orduetan» gertatu zela, eta biktimaren gorpua hil berritan eraman zutela handik bi egunera langile batzuek aurkitu zuten tokira. Poliziek darabilten «hipotesi nagusia» da «eztabaida gogor» bat izan zutela atxilotutako bikoteak eta biktimak urtarrilaren 1eko 23:30ak aldean, eta eztabaida horren ondoren gertatu zela hilketa, landetxean bertan. Autopsiak argitu duenez, labankadaka hil zuten 32 urteko emakume donostiarra.
Ertzaintzaren hipotesien arabera, gorpua kotxe batean sartu eta Urola ibaiaren ondoan utzi zuen bikoteak, eta «Gipuzkoako kostaldeko hainbat tokitan» ibili ziren gero gizon-emakumeak, «hilketarekin lotuko lituzketen jantziak eta bestelako efektu pertsonalak» botatzeko helburuarekin. Horretan ari zirela ertzain patruila batek identifikatu egin zituela dio Ertzaintzak bere oharrean, «Zumaia eta Getaria arteko paraje batean», eta horrek «hasierako asmoak bertan behera uztera» behartu bazituen ere, «ustezko hiltzaileak Gipuzkoa barnealdeko hainbat herritan» ibili ziren urtarrilaren 2ko goizean. Tolosan (Gipuzkoa), garbiketako hainbat produktu erosi zituzten supermerkatu batean, eta horiek erabili zituzten ibilgailua zein landetxeko apartamentua garbitzeko.
Hilaren 12an atxilotu zituzten bi akusatuak, eta joan den ostiralean, hilaren 15ean, espetxeratu. Martuteneko kartzelan daude, behin-behinean.