Epailearengana eraman dituzte Aizarnazabalgo hilketarengatik atxilotutako bi lagunak

Mailo Oiarzabal 2021eko urtarrilaren 15a

Asteartean atxilotu zituzten gizon-emakumeak. Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzaren Segurtasun sailburuak gaur esan duenez, biktimak ostatu hartu zuen Aizarnazabalgo landetxe berean zeuden bi atxilotutakoak joan den azaroaz geroztik.

Aizarnazabalho hilketarekin lotuta urtarrilaren 12an atxilotu zituzten bi lagunak gaur eraman dituzte epailearengana. Asteartetik Ertzaintzaren esku egon ondoren, Azpeitiko Epaitegietara eraman dituzte gaur. Zenbait hedabideren arabera, 20 eta 25 urte arteko gizon-emakumeak dira atxilotuak eta Errenteriakoak (Gipuzkoa) dira. Epaileak sekretupean mantentzen du kasua, baina Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzaren Segurtasun sailburuak gaur Radio Euskadin hitz egin du, eta esan du atxilotuak biktima ostatu hartuta zegoen Aizarnazabalgo landetxe berean zeudela joan den azaroaz geroztik.

Urtarrilaren 4an emakume baten gorpua aurkitu zuten Aizarnazabalgo Etxabe auzoan, Urola ibaiaren ondoan, indarkeria zantzuekin. Ordu gutxiren buruan baieztatu zuten hildakoa Aintzane Pujana zela, 32 urteko donostiarra. Hildakoaren bikotekideak desagerpenagatik salaketa jarria zuen urtarrilaren 1ean.

Aizarnazabalgo landetxe batean ostatu hartuta zegoen biktima, eta handik gertu aurkitu zuten haren hilotza. Landetxe horretan bertan, gainera, Ertzaintzak hogei pertsona identifikatu zituen Urtezahar gauean legez kanpoko festa bat antolatzeagatik —eskualdeko zenbait lagun zeuden bertan—, eta Ertzaintza ikertzen aritu da ea hilketak festa horrekin lotura izan dezakeen ala ez. Erkorekak gaur adierazi du oraingoz, behintzat, ez dutela loturarik antzeman hilketaren eta festaren artean, baina gaineratu du ikerketak zabalik jarraitzen duela.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide