Fokua atzeman zutenetik, aizarnazabaldarren ia %10ak eman du positibo PCR eta antigeno probetan

Anartz Izagirre 2021eko urtarrilaren 9a

414 PCR eta antigeno proba egin ziren herenegun Aizarnazabalen, eta horietatik 9k eman zuten positibo, %2,1ak. Uneotan, 70 positibo inguru daude herrian, eta 100.000 biztanleko hamalau egunetako tasa 7.000tik gorakoa da.

Aizarnazabalen herritar bat PCR proba egiten. (Nerea Uranga)

COVID-19ari buruzko datu ezkorrak iritsi dira egunotan Aizarnazabaldik. Inork gutxik esperoko zuen 779 biztanle —2020. urteko datuak— dituen herri txiki batean biztanleriaren ia %10ak positibo emango zuenik PCR eta antigeno probetan, baina halaxe gertatu da. Herenegun, hilaren 7an, hasi ziren baheketa masiboa egiten sei urtetik gorako herritarren artean, eta Aizarnazabalgo Udalaren arabera, herenegun 414 proba egin zituzten guztira; horietatik, 9 pertsonak eman zuten positibo, hau da, proba egin zuten herritarren %2,1ak.

Mari Karmen Arregi Aizarnazabalgo alkatearen arabera, 70 positibo inguru daude egun herrian, eta, herenegun, 7152,15 zen 100.000 biztanleko hamalau egunetako intzidentzia tasa; Gipuzkoako altuena, alde handiarekin. Hilaren 4an plazaratu zituen Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailak ordura arteko daturik okerrenak, hamar positibo hauteman baitzituzten egun bat lehenago Aizarnazabalen. Halere, joan den abenduaren 30etik aurrera jada neurriak hartzen hasi zen udala, eta liburutegia, gimnasioa eta tabernak ixtea erabaki zuten egoerak okerrera egin ez zezan —1.703,80koa zen orduan intzidentzia tasa—.

Alkateak "erantzukizunez eta elkartasunez" jokatzeko eta osasun arloko profesionalen gomendioak jarraitzeko eskatu die. Irakurri hemen baheketa masiboaren egunean Nerea Uranga kazetariak egindako kronika.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide