Goiz izoztua egin du gaur, eta hotzari aurre eginez itxoin behar izan diote denbora batez Lauburu eraikinera PCR proba egitera joandako aizarnazabaldar goiztiarrenek. Osakidetza baheketa masiboa egiten ari da gaur Aizarnazabalen, udalerri horretako azken egunetako kasu positiboen datuak kezkagarriak direlako hartu dute neurri hau. Hau da, abenduaren 29tik urtarrilaren 4ra bitartean, 37 positibo zenbatu ditu Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak Aizarnazabalen, eta 100.000 biztanleko hamalau egunetako positibo metatuen kopurua 5.981,79 da.
Zehazki, 6 urtetik gora dituzten Aizarnazabalgo herritarrak daude gaur PCR proba egitera deituta. Deialdi horretatik kanpo gelditzen dira baieztatutako kasu baten gertuko kontaktutzat hartu diren pertsonak. Gaur, 09:00etan, hasi behar zuten Osakidetzako osasun langileek Lauburun PCR probak egiteko lanean; ordurako mahaiak-eta prest zituzten eta eraikinaren kanpoaldean proba egiteko hitzordua hartutako dozenatik gora herritar zain zeuden. Baina aurrez jarritako orduan ezin izan dute hasi probak egiten, horretarako materiala falta zutelako. Ia ordu erdi beranduago iritsi da baheketa masiboa egiteko materiala Aizarnazabalera, eta orduan hasi dira testak egiten. Probak egiteko zain zegoen jendearen ilara, berriz, luzatu egin da kanpoaldean. Hotz egiten zuen kanpoan.
Ilaran proba egitera joandako herritar batek hala esan dio HITZAri: "Orain arte birusaren kontu honekin nahiko libratu gara Aizarnazabalen. Oraingo honetan, baina, kasuak egunetik egunera ugaritzen joan dira herrian. Beraz, behaketa egitea garrantzitsua iruditzen zait, baita bertan parte hartzea ere. Birusa gehiago ez hedatzeko neurriak hartu behar dira". Hainbat adin txikiko ere ikus zitezkeen proba egiteko ilaran; Aizarnazablago Basakaitz herri eskolan Gabonetako oporretan daude oraindik, han datorren astelehenean hasiko dituzte eskolak.
Aizarnazabalen, Lauburu eraikinaren kanpoaldean, PCR proba egitera joandako herritarren ilara. (Nerea Uranga)Aizarnazabal herri txikia izanda, herritarren arteko harremana ia egunerokoa dela azaldu du proba egitera joandako beste emakume batek: "Bi dira okindegiak herrian, eta batean ez bada bestean egiten dugu elkarrekin topo. Tabernan ere zer esanik ez. Haurrak kalean ere elkarrekin jolasten dute. Gutxiago edo gehiago, herritar guztiok inguru berean mugitzen gara, eta normala da kasuak gehitzea".
Aizarnazabalen, udalaren erabakiz, abenduaren 30etik itxita daude tabernak, gimnasioa eta liburutegia. Udala irekita dago ohiko ordutegian, baina herritarrei eskatu diete posta elektronikoa edo telefonoa erabiltzeko kontsultak, izapideak eta abar egiteko. Egoeraren aurrean, Mari Karmen Arregi Aizarnazabalgo alkateak "erantzukizunez eta elkartasunez" jokatzeko eta osasun arloko profesionalen gomendioak jarraitzeko eskatu die herritarrei.