Baheketa masiboa egingo dute Aizarnazabalen

Ihintza Elustondo 2021ko urt. 5a, 12:18

Osakidetzak 6 urtetik gora dituzten herritarrei egin die PCR proba egiteko deialdia. PCR proba egiteko, Zestoako Osasun Zentroarekin harremanetan jarri beharko dira herritarrak. Probak Aizarnazabalgo Lauburu eraikinean egingo dituzte, ostegunean.

Azken egunotako datuek adierazi dutenez, COVID-19aren gorakada nabarmena izan da Aizarnazabalen. Hori horrela, Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailak erabaki du baheketa masiboa egitea herri horretan. Zehazki, Aizarnazabalen bizi diren eta 6 urtetik gora dituzten herritarrei egin diete PCR proba egiteko deialdia. Deialdi horretatik kanpo gelditzen dira baieztatutako kasu baten kontaktu estutzat hartu diren pertsonak.

PCR proba egiteko, Zestoako Osasun Zentroarekin harremanetan jarri beharko dira herritarrak gaurko –urtarrilak 5– 12:00etatik osteguneko –urtarrilak 7– 10:00ak bitartean. Beste aukera bat da Osasun Aholkura deitzea; zehazki, honako bi telefono hauetara dei dezakete herritarrek: 943-89 70 80 eta 900-20 30 50.

PCR probak Aizarnazabalgo Lauburu eraikinean egingo dituzte, kontsultategiaren ondoan, ostegunean –urtarrilak 7–, 09:00etatik 14:00etara bitartean. Ondoren, emaitza guztiak SMS bidez bidaliko dituzte.

Osakidetzak herritar guztiei gogorarazi  die, COVID-19arekin bateragarriak diren sintomak badituzte (sukarra, eztula, eztarriko mina, arnasa hartzeko zailtasunak edo usaimena galtzea), etxeetan bakartu eta beren osasun zentrora deitu behar dutela.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide