Aizarnazabalen aurkitutako gorpua Donostiako emakumearena dela baieztatu dute

Ihintza Elustondo 2021ko urt. 5a, 11:38

Atzo Aizarnazabalen agertu zen gorpua urtarrilaren 1ean desagertu zen emakume donostiarrarena dela baieztatu dute. Ertzaintzaren arabera, "hipotesi guztiak" zabalik daude eta ez dakite gertakariak indarkeria matxistarekin zerikusirik duen ala ez. Une honetan, Ertzaintzaren helburua da biktima azken egunetan norekin egon zen jakitea.

Aizarnazabalen, Urola ibaiaren ondoan, emakume baten gorpua aurkitu zuten atzo, indarkeria zantzuekin. Zehazki, labanaz egindako zauriak zituen hilotzak. Ertzaintzak uste zuen duela gutxi desagertutako 32 urteko emakume donostiar batena izan zitekeela gorpua, eta gaur baieztatu dute hala dela. Urtarrilaren 1ean salatu zuen emakumearen desagerpena haren bikotekideak. 

Ertzaintzak ikerketa zabaldu du zer gertatu den argitzeko. Eusko Jaurlaritzaren Segurtasun Sailak azaldu duenez, "hipotesi guztiak zabalik" daude une honetan, eta momentuz, ez dakite gertakariak indarkeria matxistarekin zerikusirik duen ala ez. Oraingoz, ez dute inor atxilotu heriotzari lotuta.

Rodrigo Gartzia Ertzaintzako zuzendariak Radio Euskadin adierazi duenez, une honetan, Ertzaintzaren helburua da biktima azken egunetan norekin egon zen jakitea. Aizarnazabalgo landetxe batean ostatu hartuta zegoen biktima, eta handik gertu aurkitu zuten haren hilotza. Gartziak esan du autopsiaren emaitzak esku artean izan arte itxaron beharko dela emakumea nola hil zen jakiteko eta gaia epaitegien esku uzteko.

Atzo, 11:00 aldera jaso zuen Ertzaintzak abisua. Basolangile batzuek aurkitu zuten gorpua, sasi batzuen artean. Auzitegi Medikuntzako Euskal Institutura eraman zuten gorpua, autopsia egiteko eta heriotza zerk eragin zuen zehazteko.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide