Azken egunetan Aizarnazabalen kasu positibo batzuk atzematen ari dira, eta egoera okerragoa egin aurretik, Aizarnazabalgo Udalak herriko liburutegia eta gimnasioa ixtea eta herriko tabernak ixtea agindu du, bando bidez. Azken bost egunetan hamabi kasu positibo hauteman dituzte Aizarnazabalen; horietatik herenegun hiru eta atzo, asteartea, lau. Gaur-gaurkoz intzidentzia metatuaren tasa oso altua da, 1.703,80koa.
"Udala irekita egongo da ohiko ordutegian, baina herritarrei eskatzen diegu posta elektronikoa edo telefonoa erabiltzea kontsultak, izapideak eta abar egiteko", eskatu du Mari Karmen Arregi Aizarnazabalgo alkateak. "Lasaitasunetik, baina baita erantzukizunetik eta elkartasunetik ere, herritar guztiei gogorarazten diegu, egoera berezi honi aurre egiteko, oso garrantzitsua dela osasun arloko profesionalen gomendioak jarraitzea", gaineratu du alkateak.
Egoera aldakorra denez, edozein aldaketaren berri ahalik eta azkarren emango duela adierazi du alkateak.