Herri eta auzoetako herritarren eta eragileen ekarpenak jasotzeko beste modu bat erabiliko du aurten Aizarnazabalgo Udalak. Hau da, herriko hainbat gunetan eta auzotan postontziak jarriko ditu abenduaren 7tik 18ra bitartean.
Pandemiak eragindako egoera tarteko erabaki du udalak era horretan jasotzea ekarpenak. "Aurreko urteetan, sasoi honetarako hainbat bilera eginda izaten zituen udalak herritarrekin nahiz auzotarrekin. Bilera horien helburua herritarrekin zuzeneko harremana izatea da, eta lehen eskutik haiek faltan botatzen dituzten zerbitzuen, beharren, hobeto beharreko gaien, iradokizunen eta abarren berri jasotzea", azaldu du Aizarnazabalgo Udalak.
Aurten, pandemiak eragindako egoeragatik, bilerak ez egitea erabaki du udalak, eta informazio hori jasotzeko beste bide bat jorratzea erabaki du. "Informazio bilketa egin ahal izateko, bilerak egiteko eta jende multzoak batzeko ditugun murrizketak kontuan hartuta, erabaki da auzoetan eta herrian postontziak jartzea", azaldu du herri erakundeak.
Postontzietan ekarpenak egiteko aukera abenduaren 7tik 18ra bitartean izango dute aizarnazabaldarrek. Honako tokietan jarriko dituzte postontziak: herrigunean, udaletxeko postontzian eta Lauburuko postontzian; Etxabe, Zehatz nahiz Mendi Txiki auzoetan gutunak jasotzen dituzten etxetxoen aldamenetan jarriko dituzte; eta Zubialde auzoan, berriz, udal bandoak jartzen diren puntuan ipiniko dute. Postontziez gainera, ekarpenak telefono bidez egiteko aukera ere jarri du Aizarnazabalgo Udalak zuzenean alkatetzaren telefono zenbakira deituta: 634 95 40 86.