Jakoba Errekondok 'Etxeko landareak' liburua aurkeztuko du larunbatean Aizarnazabalen

Julene Frantzesena 2020ko aza. 26a, 10:17

11:00etan hasita, egingo du hark liburuaren aurkezpena, plazan. Etxe barruko nahiz kanpoko landareak zaintzeko gakoak jaso ditu lanean agronomo usurbildarrak.

Jakoba Errekondo agronomoak Etxeko landareak liburua aurkeztuko du larunbatean Aizarnazabalen. 11:00etan hasita, egingo du hark liburuaren aurkezpena, plazan. Etxe barruko nahiz kanpoko landareak zaintzeko gakoak jaso ditu lanean usurbildarrak; hain zuzen ere, 91 landareri buruzko argibideak bildu ditu.

Etxeko hainbat landareren jatorriaz eta horien klima ezaugarriez ariko da solasean Errekondo. Gainera, landare bakoitza noiz eta zenbat ureztatu, horiek zenbat argi eta zer tenperatura behar duten, nola ongarritu eta izaten dituzten gaitz arruntenez eta horiek saihesteko neurriez azalpenak emango ditu.

Urriaren amaieran kaleratu zuen Argiak usurbildarrak egindako 246 orriko lana. Lana Dani Blancoren argazkiekin osatu dute, eta Maitane Gartziandiak egin du diseinua.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide