Aizarnazabalgo Udalak aho batez onartu du 2021. urterako udal aurrekontua. Joan zen urriaren 28an egin zuten udalbatzarrean jorratu zuten gaia, eta udalean ordezkaritza duten bi alderdiek –EH Bildu eta EAJ–. 1.400.000 euroko aurrekontua izango du Aizarnazabalgo Udalak datorren urtean, aurten baino zertxobait baxuagoa. Izan ere, 2020an 1.414.200 eurokoa zen udalaren aurrekontua.
Udalak azaldu duenez, kalitatezko zerbitzuak "bermatzen eta mantentzen" jarraitzea eta horiek "hobetzeko" pausoak ematea dira erakundearen helburuak. Gainera, Udal Gobernuak adierazi duenez, hainbat irizpide hartuko dituzte kontuan datorren urteko aurrekontuetako dirua banatzerakoan: "Arloka 2020ko aurrekontua mantentzen dela bermatzeaz gain, arlo gehienetan partidak gehituko ditugu".
Besteak beste, udal eraikinak baldintza "egokietan" izan daitezen ibertsioak egin jarraitzeko asmoa duela adierazi du udalak, eta herria irisgarriagoa egiteko, arazoak sortzen diren guneei irtenbidea emateko eta kaleen mantentze eta hobetze lanak egiten segitzeko asmoa agertu du. Hain zuzen ere, inbertsioetarako 248.910 euro izango ditu erakundeak hurrengo urtean, eta gauzatuko dituen proiektuetako batzuk honako hauek dira: udaletxean igogailua jartzea, baserri bideak txukuntzea, Zubialden semaforoa jartzea, errepide ondoan espaloia egitea, eskolako komunak berritzea eta abar.
"Herriaren alde lan egiteko eta herritarrentzat beharrezkoak diren proiektuak egin ahal izateko aurrekontua da datorren urtekoa", udal ordezkariek azaldu dutenez. Horiek erakunde desberdinetan atea jotzen jarraituko dutela azaldu dute, azken bi urteetan egin duten bezala.