Datorren larunbaterako, azaroak 7, bertso saioa antolatu du Aizarnazabalgo Udalak. Aitor Mendiluze, Julio Soto, Maialen Lujanbio eta Iker Zubeldia bertsolariak ariko dira kantari, Igotz Alkorta gai jartzailearen aginduetara. Jaialdia herriko elizan izango da, 19:00etan hasita.
Saioa doakoa izango da eta sarrerak ezin dira aurrez hartu. Horrek esan nahi du, saiora joan nahi dutenek egunean bertan egin beharko dutela ilara eta elizako edukiera betetzen denean itxiko dituztela ateak. Udalak azaldu duenez, osasuna babesteko beharrezko segurtasun neurri guztiak hartuta egingo dute saioa. Horrenbestez, ikus-entzuleek eskuak garbitu beharko dituzte sartzerako, maskara jantzita izan beharko dute uneoro eta elizan markatutako tokietan eseri beharko dute, elkarren arteko tarteak gordez.