Aizarnazabalgo Udalak gogorarazi du egunotan ez dela jairik izango herrian

Urola Kostako Hitza 2020ko irailaren 25a

Erakundeak azaldu du antolatuta ziren ekitaldi guztiak bertan behera gelditu direla, "gerta daitezkeen arazoak eta jende pilaketak saihesteko".

Gauzak ondo bidean, egunotan ziren Samiel jaiak ospatzekoak Aizarnazabalen, baina COVID-19ak eragindako osasun larrialdia dela eta, bertan behera utzi ditu festak udalak. Erakundeak azaldu du, beraz, antolatuta ziren ekitaldi guztiak bertan behera gelditu direla, "gerta daitezkeen arazoak eta jende pilaketak saihesteko".

Horrez gain, udalak herritarrei eskatu die zuhurtziaz eta erantzukizunez jokatzeko eta COVID-19a gainditzeko ezarritako segurtasun neurriak errespetatzeko. Era berean, taberna, ostalaritza eta elkarte gastronomikoei gogorarazi die, jaiak bertan behera utzi direnez, ez dutela ordutegi zabalagoa izango; beraz, ohiko ordutegia mantendu beharko dute egun hauetan ere. Salbuespen gisa, irailaren 19 eta 26 gauean lokaleko terraza 01:00 arte irekitzeko aukera izango dute horretarako baimena duten guneek, betiere edukieraren %60 errespetatuz.

Udalak gogorarazi du taberna bakoitzaren ardura izango dela lokalaren barruko edukiera kontrolatzea eta 1,5 metroko segurtasun distantzia bermatzea. Herritarrei kontsumo arduratsua egitea garrantzitsua dela adierazi die udalak, eta bizilagunen atsedena errespetatzeko eskatu die.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide