Inguruko gainontzeko jaien moduan, Aizarnazabalgo samielak ere ez dituzte ospatuko aurten. Irailaren amaiera aldera ospatu ohi dituzte aizarnazabaldarrek festok, baina Aizarnazabalgo Udalak adierazi duenez, gerta daitezkeen arazoak eta jende pilaketak saihesteko ez da "inolako ospakizunik" izango herrian. Herritarrei zuhurtziaz eta erantzukizunez jokatzeko eskatu die udalak eta COVID-19a gainditzeko ezarritako segurtasun neurriak errespetatzeko.
Taberna, ostalaritza eta elkarte gastronomikoei gogorarazi die, jaiak bertan behera utzi direnez, ez dutela ordutegi zabalagoa izango. Beraz, ohiko ordutegia mantendu beharko dute egun hauetan ere. Salbuespen gisa, irailaren 19 eta 26 gauean lokaleko terraza goizeko ordubatak arte irekitzeko aukera izango dute horretarako baimena duten establezimenduek, beti ere aforoaren %60a errespetatuz.
Udalak gogorarazi du taberna bakoitzaren ardura izango dela establezimenduaren barruko edukiera kontrolatzea eta 1,5 metroko segurtasun distantzia bermatzea.
Herritarrei kontsumo arduratsua egitea garrantzitsua dela adierazi die udalak, eta bizilagunen deskantsua errespetatzeko eskatu die.
Iaz giro ederrean ospatu zituzten herritarrek jaiak. Honako lotura honetan ikus daitezke argazki bildumak.