Aizarnazabalgo Udalak saneamendu sistema berria ezarriko du Zubialdeko bidean, eta gaur ekin diote obrei. Udalak azaldu duenez, "Aizarnazabalgo elizatik Zubialderaino jaisten den bidean ur-hornidura, telefonia, argiteria eta abarreko trazadura dago", eta horiek bide horretan zehar dauden eraikinei –Kamio, Beheko Etxe Zaharra, Ezkurroa eta Zubi Gain– zerbitzua ematen diete, baina ez dago saneamendu-trazadurarik. Hori dela eta, udalak saneamendu-trazadura ezarri nahi du herriko elizatik Zubialderaino, ondoren han Urolako kolektorearekin lotuko dena, hain zuzen.
Lanek "gutxi gora behera" hilabeteko iraupena izango dutela jakinarazi du udalak, eta, guztira 104.264,54 euroko aurrekontua izango dute obrek.