Lauburuko eraikineko gimnasioa zabalik dago berriro, COVID-19 gaitza dela-eta hainbat astez itxita egon ostean. Aizarnazabalgo Udalak adierazi duenez, gimnasioak ohiko ordutegia izango du eta edukieraren %60 baimenduko dute, Euskal Herriko Agintzaritzaren Aldizkarian (EHAA) argitaratutako 13/2020 dekretuan jasotzen den moduan. Hori dela eta, gehienez ere sei pertsonak erabili ahal izango dute aldiro gimnasioa, eta maskara erabili beharko da eraikinean sartu eta handik irteteko.
Bestalde, udalak nabarmendu du erabiltzaileek osasun eta segurtasun neurriak bete beharko dituztela gimnasioan: bi metroko tartea errespetatu beharko dute erabiltzaileek, eta erabilitako makinak norberak garbitu beharko ditu gimnasioan jarriko dituzten produktuekin. Horrez gain, aldagelak eta dutxak ere bakarka erabili beharko dira.