Hainbat hilabetez itxita egon ostean, gaur, astelehena, berriro zabaldu dute Aizarnazabalgo liburutegia. Gaurtik hasita hilaren 12ra bitartean, 16:30etik 19:30era egongo da zabalik liburutegia; ekainaren 15etik 30era nahiz uztailean zehar, aldiz, 10:00etatik 13:00etara.
Duela aste batzuk berriro jarri zuen martxan udalak liburutegiko mailegu zerbitzua, eta hemendik aurrera ere, posible bada liburuen eskaerak aurrez egiteko eskatu die herritarrei. Liburutegia erabiltzeko beste hainbat gomendio ere eman dituzte: liburua gordetzeko poltsa eramatea eta bakarrik joatea —adin txikikoak eta mendekotasuna duten herritarrak izan ezik—, eskuak garbitzea eta maskara eramatea, lurrean markatutako ibilbideak zein liburuzainen argibideak jarraitzea eta erabiltzaileen arteko distantzia errespetatzea.
Gimnasioa, itxita
Liburutegia ez bezala, gimnasioa momentuz ez irekitzea erabaki du udalak, eta norbaitek araua hautsiko balu isunak jarriko dituztela nabarmendu dute. Gimnasioa bideo-kamera sistemarekin kontrolatuta dagoela jakinarazi du erakundeak.