Lorategietan eta baratzeetan sortzen diren hondakinak botatzeko edukiontzi bat jarri du Aizarnazabalgo Udalak herrian. Belarrak, sastrakak eta halako hondakinak soilik bota ahal izango dira edukiontzira, eta Basakaitz eskolaren azpian jarri dute horretarako aukera. Udalak adierazi duenez, eskolako atea irekita egongo da 07:30etik 14:30era bitartean zaborra botatzeko.
Bestalde, txakur kaken inguruan herritarrei "arduratsu" eta "gizabidez" jokatzeko eskatu die udalak. Hain zuzen ere, udalak nabarmendu du alarma egoera martxan jarri zutenetik txakurren gorotzak ugaritu egin direla espaloietan, bide bazterretan nahiz zelaietan, eta hondakin horiek jasotzeko eskatu diete animalien jabeei: "Denok ditugu gure eskubideak, baita betebeharrak ere. Norbanakoaren eskubidea eta askatasuna amaitzen da lagun hurkoarena hasten den une berean".