Datozen asteetan eta hilabeteetan Aizarnazabalen egitekoak ziren hainbat ospakizun eta ekintza bertan behera gelditu dira. COVID-19 gaitza medio, ospakizunen inguruan Espainiako Gobernuak argitaratutako dekretua dela-eta hartu du Aizarnazabalgo Udalak hainbat ekintza ez egiteko erabakia. Hain zuzen ere, honakoak dira bertan behera gelditu diren ekintzak: uztarri motzeko idi probak, Jan sano eta bizi pozik azoka, Adinekoen Eguna, infantilen eta kimuen txirrindularitza lasterketa, Gipuzkoako erlojupeko txapelketa, Sagardo Eguna eta udalekuak.
Bestalde, udalak adierazi du Lauburu Gunea itxita dagoen arren, fotokopien eta liburuen mailegu zerbitzua martxan dutela. Eskaerak bi eratara egin daitezke: 943-14 77 61 telefonora deituta eta liburutegia@aizarnazabal.eus helbidera idatzita. Liburuen eta gainontzekoen bila norberak joan beharko du liburutegira, astelehenetik ostiralera, 16:30etik 19:30era bitartean, aurrez hitzartutako orduan. Era berean, udalak jakinarazi du Liburutegien Arteko Mailegu Zerbitzua (LAM) ez dagoela martxan, eta beste liburutegietako libururik ezingo dela eskatu.