Otsailaren 28an, Gipuzkoako Foru Aldundiak behin betiko onartu zuen Aizarnazabalgo Hiri Antolamenduko Plan Orokorra (HAPO), eta onarpen hori gaur, asteartea, argitaratu dute Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean. Araudi horrek, aurreko udal antolamendurako tresna ordezkatuko du, Arau Subsidiarioak alegia.
Aizarnazabalgo HAPOk udalerriko lurzoruaren erabilera desberdinak definitzen eta arautzen dituen udal araudia da, eta aldi berean, Aizarnazabalerako hazkuntza urbanoaren eredua zehazten du. Araudi berriaren helburuak dira hirigunea finkatzea, erdigune hori auzoekin lotzea, eta era berean, auzoak ere elkarren artean lotzea. Horrez gain, beste hainbat aukera ere jasotzen ditu planak: etxebizitzak egiteko aukera hirigunean eta udalerri osoan; izaera ekonomikoko jarduerak hartzeko lurzoruak gordetzea; hezkuntza, kultura, kirol, laguntza eta abarretarako ekipamendu sare publiko eta pribatu zabalak azpiegitura eta zerbitzu berri eta hobeak eskaini ahal izateko; eta gune aske eta berde gehiago ere bai.
Aizarnazabalgo Udalaren arabera, "HAPOren xedea da hiria sortzea modu atseginez; bizi, lan egin eta gozatzeko aukera ematen duen komunitatea garatzea, hain zuzen ere".