Koronabirusak eragindako krisia dela eta, hainbat neurri ekonomiko hartu du Aizarnazabalgo Udalak. "COVID-19 gaitzaren inpaktu ekonomiko eta sozialari aurre egiteko hartu diren premiazko eta ezohiko neurrien ondorioz, arlo ekonomikoan ere ezohiko neurriak hartu behar ditugu, ordainketak malgutzeko eta herritarrei bizi dugun egoera larriari aurre egiten laguntzeko, ahal den neurrian", azaldu du Mari Karmen Arregi alkateak.
Hori dela eta, zerga errolden epeak zabaltzea eta erabili ez dena deskontatzea erabaki du erakundeak. Batetik, trakzio mekanikoko ibilgailuen gaineko zergaren borondatezko ordainketa epea ekainaren 9ra arte zabalduko dute. Bestetik, terrazen, mahaitxoen, bestelako elementuen eta Lauburuko gimnasioaren tasei eragingo die erabakiak: jabari publikoa edo instalazioak erabili diren aldia bakarrik ordainduko da, eta erabili ezin izan den aldiari dagokion zatia deskontatuko da.