Aizarnazabalgo Udalak amaitu ditu herriko argiteria publikoa LED teknologiara egokitzeko lanak. 2014. urtean ekin zien lanei, eta apurka-apurka herriko 270 sodio-lurrunezko lanparak kendu eta LED teknologiako gailuak ezarri dituzte. Udalaren arabera, Aizarnazabalek aldaketa horrekin argiztapen "jasangarriagoa, modernoagoa, eraginkorragoa, adimentsuagoa eta etorkizunekoa" izango du.
Argiteria aldatzeko lanek, guztira, 134.800 euroko aurrekontua izan dute, eta udalaren arabera, aldaketa horren bidez herrian argiztapenaren kalitatea hobetzea eta segurtasuna areagotzea lortu da. Horrez gain, argiaren kutsadura "desagerrarazi" dela ere nabarmendu du erakundeak, baita sistema berriak herritarrentzat kostu txikiagoa izango duela ere.