Medikua zara. Zehazki, zertan aritzen zara lanean?
Pediatriako ospitale publiko batean lan egiten dut, neonatologiako departamenduan. Jaioberrien eremua da neonatologia; jaiotzen direnetik hilabete bete arteko haurrak artatzen ditugu: garaia baino lehen edo pisu oso baxuarekin jaiotzen direnak, arnasa hartzeko zailtasunak dituztenak...
Koronabirus kasurik artatzea tokatu al zaizu?
Kasu bat izan dugu; 19 eguneko ume bat. Haurra jaio zenean, etxera joan zen gurasoekin, eta egun batzuk pasatzean, sukarrarekin etorri zen ospitalera. Probak egin genizkion, eta koronabirusa zuela jakin genuen. Amak edo aitak kutsatu zion gaitza. Ordutik, isolatuta egon zen umea erietxean, amarekin batera. Biak bakarrik egon ziren gela batean, eta beti erizain bera joaten zen haiek artatzera. Orain, oso ondo dago umea: sukarrik ez dauka, ezta bestelako sintomarik ere. Hori horrela, larunbatean alta eman genion, eta orain, etxean isolatuta jarraitu beharko du.
Umeetan koronabirusa ez dela hain larria diote. Hala al da?
Orain arte Txinan eta Italian ikusi duguna balia dezakegu oinarri gisa. Herrialde horietan ikusi duguna da ume gehienak –%80 baino gehiago– ez direla konturatu ere egiten gaitza daukatenik, nahiz eta ez diren gutxiago kutsatzen. Baina hori arriskutsua da, besteak kutsa ditzaketelako. Haurren beste kopuru txiki batek, berriz, oso sintoma arinak izaten ditu: eztula eta sukarra dira ohikoenak.
Frantzian ere gero eta koronabirus kasu gehiago daude. Zer egoera bizi duzue hor?
Hemengo egoera Araba, Bizkai eta Gipuzkoakoaren antzekoa da; han baino bi egun beranduago itxi zituzten hemen eskolak, eta konfinamendua ere bi egun beranduago jarri zuten martxan. Gobernuak orrialde ofizial bat kaleratu du, eta kalera zoazen bakoitzean hori inprimatu eta nora eta zertara zoazen idatzi behar duzu, baita zer ordutan irten eta zer ordutan itzuliko zaren ere. Zure etxeko helbidea ere zehaztu behar duzu. Elikagaiak erostera, botikara eta lanera joateko atera gaitezke kalera, eta ariketa fisikoa ordubetez egin dezakegu, banaka eta etxearen inguruan.
Nola ari zara bizitzen egoera?
Lanean ari naiz egunotan, eta beraz, lantokian antzeman dut aldaketarik handiena; izan ere, protokoloak aldatu ditugu, batez ere, gu babesteko. Hori dela eta, egutegi berezi batzuk osatu ditugu: egunero ordu gehiago sartzen ditugu, baina ez gara egunero lanera joaten; normalean, bi egunetik behin edo tokatzen zaigu joatea. Guardien arabera, aldatu egiten da egunero sartzen dugun ordu kopurua, baina normalean, hamar-hamabi ordu ematen ditut lantokian. Lankideon artean bi talde osatu ditugu, eta egun batzuetan talde bat eta besteetan bestea joaten da lanera. Lehen, egun normal batean zortzi-bederatzi mediku aritzen ginen lanean, eta orain, hiru edo lau, gehienera. Bilerarik ere ez dugu egiten.
Horrez gain, bizilekuaren kontuan ere eragin dit koronabirusak. Izan ere, orain arte zortzi pertsona elkarrekin bizi ginen etxe batean, eta horietatik nik bakarrik egiten nuen lana ospitalean. Ni saiatzen nintzen besteekin nuen kontaktua saihesten, baina nire pisukideek pizza gauak-eta antolatzen zituzten, konfinamendua hobeto eramateko. Nire kezka zera zen: ni etxean kutsatzea eta ondoren nik pazienteak kutsatzea, edo alderantziz. Ospitaleko arduradunekin hitz egin nuen gai horretaz, eta erietxeak berehala aurkitu zuen niretzat etxe bat, inolako kosturik gabe. Estudio txiki bat da, eta bertan, neuk bakarrik egin ahal izango dut konfinamendua.
Zer ezberdintasun dago Osakidetzaren eta Frantziako osasun sistemaren artean?
Uste dut antzekoak direla. Frantziako osasun sistema publikoa da, unibertsala. Aldaketa nagusia da, pertsona batek osasun sistema erabiltzen badu, momentuan ordaindu behar duela, eta gero itzultzen zaiola dirua.
Nola ikusten duzu koronabirusak ekarri duen panorama?
Kezkarekin. Zentzudunak izan behar gara; hori garbi daukat. Uste dut erabateko konfinamendua agindu beharko litzatekeela Europako herrialde gehienetan; bai behintzat, koronabirusak erasandakoetan. Nik lan egiten dudan ospitalean ikusi dudana da azkenengo asteetan kasuak ugaritu direla. Kontu batek ere eman dit atentzioa; Frantzian ari dira egiten gauza bat beste leku batzuetan ikusi ez dudana: oso-oso afektatuta dauden guneetako koronabirusdun pazienteak hain erasanda ez dauden beste eskualde batzuetara eramaten ari dira. Adibidez, Alsacian koronabirus kasu asko daude hasieratik, ospitaleetako langileak ezin iritsita dabiltza, eta hango zazpi gaixo beste gune batera lekualdatu dituzte duela gutxi.
Neurri ona iruditzen al zaizu?
Zalantzak ditut. Ni ez naiz epidemiologoa, eta ez naiz ausartzen esatera ziurtasunez hori ondo dagoen edo ez. Baina uste dut agian logikoagoa litzatekeela koronabirusa ez duten pazienteak beste leku batzuetaara mugitzea, eta koronabirusdunak leku berean pilatzea.
Nola ikusten duzu etorkizuna?
Frantziara ere erabateko konfinamendua iritsiko dela uste dut; egin beharko den gauza bat izango da. Neurri hori hartuta, aste batzuetan egoerari buelta emateko gai izango garela iruditzen zait. Baina ez naiz ausartzen esatera zenbat denbora beharko dugun horretarako; hartzen dituzten neurrien araberakoa izango da hori.
Agerian geratzen ari al da osasun sisteman gehiago inbertitu behar dela?
Koronabirusa agertu izan ez balitz ere, baietz erantzungo nuke, zalantzarik gabe; eta gertatzen ari dena ikusita, are gehiago. Baina azpimarratu nahiko nukeena da osasun langileok ez gaudela batere baloratuta; ez ditugu batere lan baldintza onak, kontratu oso prekarioak dauzkagu. Gurea beti izan da oso gutxi kexatu den sektorea, eta edozer datorrenean, beti aurrera egin izan dugu. Osasun baliabideei dagokienez ere, beti daude gauzak hobetzeko. Orain, adibidez, argi ikusi dugu zenbat osasun langile kutsatu diren, ez dauzkagulako babes neurri egokiak. Eta Frantziako baldintzak Araba, Bizkai eta Gipuzkoakoak baino zerbait hobeak dira, baina antzeko egoeran gaude hemen ere.