Aizarnazabalgo Udalak neurri berriak hartu ditu, koronabirusari aurre egiteko

Urola Kostako Hitza 2020ko mar. 16a, 12:55

Koronabirusaren pandemiaren aurrean, neurri berriak ezarri dituzte Eusko Jaurlaritzak eta Espainiako Gobernuak, eta osasun publikoa zaintzeko, prebentzio neurriak hartzea eskatu du Aizarnazabalgo Udalak. Gainera, beste neurri batzuk aplikatu ditu udal horrek gaur –astelehena–, koronabirusari aurre egiteko.

Batetik, zabor ekarpen guneak irekita utziko dituzte Urola Erdiko Mankomunitateak hala gomendatuta, eta higiene neurriak bermatzeko, xaboia eta papera jarri dituzte bertan. Bestetik, parkeak eta pilotalekuek itxi dituzte, zintarekin prezintatuta. Horrez gain, bertan behera geratuko dira udalaren barruko batzorde-bilerak eta bestelakoak,
udalbatzarraren osoko bilkurak barne. Era berean, norbaitek erosketak egiteko edo beste zerbitzuren baterako laguntza beharko balu, 634 95 40 86 telefonora dei dezake.

Herritarren Arreta Zerbitzua zabalik

Bestalde, udaletxeko Herritarren Arreta Zerbitzua ohiko ordutegian zabalduko dute, 08:00etatik 15:00etara. Baina Aizarnazabalgo Udalak beharrezkoa bada bakarrik joateko eskatu die herritarrei, eta administrazio elektronikoa eta telefono bidezko kudeaketa erabiltzea ahal den kasu guztietan.

Herritarrei "ardura eta lasaitasuna" eskatu dizkie Aizarnazabalgo Udalak, "aurrekaririk gabeko egoera honi aurre egiteko". Udalak nabarmendu du herritarren osasuna eta ongizatea zaintzea dela erakundearen "lehentasuna".

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide