Mende laurdena beteta duen zita

Julene Frantzesena 2020ko urtarrilaren 31

1995ean berreskuratu zuten santa eskearen usadioa Aizarnazabalen. Ordutik ez dute hutsik egin, ez herritarrek, ez bertsolariek. 25. urtez jarraian ariko da Aitor Mendiluze bertsotan biharkoan.

Santa Ageda bezperaren bueltan ohikoa da eskean aritzea Euskal Herrian, eta Urola Kosta ez da salbuespena hitzordu horri dagokionez; are gutxiago Aizarnazabal. Izan ere, urteetan galduta izan zen usadioa berreskuratu zuten hainbat lagunek orain dela 26 urte, eta herritarrek ez diote santa eskea egiteari utzi ordutik.

Angel Mari Iruretagoiena da santa eskean aritzen den aizarnazabaldarretako bat, baita 1995ean usadioa berriz herriratzeaz arduratu zen kideetako bat ere. Behar bati erantzuteko antolatu zuten zita orain dela 26 urte: "Errege Magoen kabalkadaren antolatzaileek karroza egiteko beharra zutela eta, dirua biltzeko santa eskea egitea proposatu ziguten. Urteetan zeharo galduta izan zen ohitura, eta halaxe, taldea osatuko genuela eta, berriro ekin genion santa eskean aritzeari. Pentsa, duela 26 urteko santa eskean bildutako diruarekin egindako karroza erabiltzen dute gaur egun kabalkadan".

"Herritarrek herritarrentzat" antolatutako ekintza izanik, 1995eko santa eske hartan parte hartzera herritar "dezente" animatu zela gogoratu du Iruretagoienak. "Urte berezia izan zen; izan ere, hainbeste urtez egin gabe egonik, denok ere erdi galduta ibili ginen. Ez genekien ez noiz hasi, ez noiz bukatu. 02:00etan etxe batzuetara joan ginen sano askorik... Orain, urteetako esperientziarekin, dena zehaztuta daukagu". Azken urteetan, gainera, eutsi egin diote parte hartzaile kopuruari. Iruretagoienak azaldu duenez, gorabeherak gorabehera, gutxi edo gehiago, 30 bat lagun ateratzen dira eskera. "Jada talde finko bat daukagu: trikitilariak, bertsolariak... hamabost-hamasei lagun beti ateratzen gara".

Goizean, 08:30 aldean, soziedadean elkartzen dira santa eskean ariko diren kideak gosaritarako. Kantuan, berriz, 09:00 inguruan hasten dira. Ibilbidearen zati handiena goizean egiten dute, eta bazkaltzera herrira itzultzen dira. "Egia esan, ez dugu gose handirik izaten; izan ere, etxeetan hamaiketakoa-eta ematen digute". Dena den, jatekoari leku pixka bat egin eta atseden hartzeko ere aprobetxatzen dute eguerdi partea. "Arratsaldean pereza pixka bat ematen digu berriro hasteak, baina pare bat kafe doble hartu, eta... Eguraldiaren arabera ere, gogoeza aregotu egiten da. Gainera, eguraldi ona egiteko datak ere ez dira, eta...".

Hitzordu seinalatua

Duela 26 urteko santa eske hura bertsolaririk gabe egin zuten, baina 1996an Xabier Euzkitze eta Aitor Mendiluze aritu ziren kantuan. Hain zuzen ere, ordutik, Santa Ageda egunaren bueltan, Aizarnazabalgo santa eskera urtero-urtero hutsik egin gabe joan izan da Mendiluze. Bertsolariak erakutsitako "fideltasunarekin" gustura dira Iruretagoiena eta santa eskeko taldea. "Urteetako jardunarekin lagun taldea egin dugu".

Mendiluzek ere hitzordu seinalatua du Aizarnazabalgo santa eskekoa. Aurten ere han izango da, 25. urtez jarraian, lehen aldiko ilusio berberarekin, eta mende laurdeneko jardunak eman dion gertutasunarekin. "Zenbateraino ari garen zahartzen esaten digun zifra da hogeita bost", esan du hark barrez.

Hastapenak gogoan ditu andoaindarrak. "95ean Gipuzkoako Bertsolari Txapelketa irabazi nuen, eta uste dut horregatik deitu zidatela hurrengo urtean, txapeldun berria nintzenaren aitzakian". Urte hartan eta segidako beste pare batean, Euzkitzerekin aritu zen eskean Mendiluze, eta ordutik, beste hainbat bertsolarirekin ere bai. "Lehen urte hartakoa sekulako konpromisoa izan zen; izan ere, halako egun bat, halako bertsolari batekin...". Urteen joanarekin, Aizarnazabalgoa zita maitea bilakatu da Mendiluzerentzat: "Lagun giro oso atsegina izaten da, eta berehala sentitzen zara eroso. Kezka gehiago zen joan aurrekoa, joan eta gerokoa baino".

Galtzen ari den ohiturari eusten zaiola eta, gustura da Mendiluze. Gainera, Aizarnazabalen sortzen den giroan egin du azpimarra. "Baserrietan-eta egiten da eskea, herrigunetik kanpoko auzoetan, eta bukaerarako uzten da kaskoa. Lehentasuna baserriei eta etxeei ematen zaie, eta horrek badu bere xarma; harremanetan beste eduki bat sortzen du horrek. Ikustekoa da herritarrek zeinen ondo hartzen duten gu beren etxeetara joatea. Horrek badu osagai berezi bat".

Erraz esaten da 25 urte eta gustuko lekuan erraz joaten da mende laurdena. Mendiluzek adierazi duenez, "eskertzekoa" da aizarnazabaldarrek santa eskearekin egiten duten ahalegina. "Egun luzea izaten da, kopla asko kantatu behar dira, baina eguna oso polita izaten da".

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide