Otsailaren 1ean egingo dute aurtengo santa eskea Aizarnazabalen eta afari berezi batekin borobilduko dute aurtengoan festa egun hori.
Izan ere, Aitor Mendiluze bertsolariak 25 urte beteko ditu aurten Aizarnazabalgo santa eskean kopla kantari, "urterik huts egin gabe", eta urteurren hori ospatzea erabaki dute santa eskeko antolatzaileek. Horrela, eskean ibili ondoren, Mikel elkartean elkartuko dira, afaltzeko; aurten ibiliko direnei ez ezik, azken mende laurden horretan urteren batean santa eskean atera diren herritar guztiei luzatu diete afarian parte hartzeko gonbita. Afarirarko txartelak salgai jarri dituzte dagoeneko Uztarri eta Troxka tabernetan, 10 eurotan; urtarrilaren 26a bitartean erosi ahal izango dira.
Otsailaren 1eko santa eskea 09:00etan hasiko dute Aizarnazabalen eta "urtero bezala, herritar guztiak animatu" nahi dituzte antolatzaileek parte hartzera. "Lagun artean gosaldu" nahi dutenek, gainera, horretarako aukera izango dute Mikel elkartean, 08:30ean.