Aizarnazabalgo Basakaitz herri eskolan bizikidetzarekin eta herriko kultur aniztasunarekin lotutako proiektu bat dute martxan iaztik. Proiektu horretan elkarlanean ari dira Basakaitz herri eskolako Guraso Elkartea, ikasleen ordezkariak eta bi irakasle, Harremanak taldea eta Aizarnazabalgo Udala. Egitasmoa aurrera eramateko La Caixa fundazioaren dirulaguntza ere jaso dute. Proiektu horren barruan, Pakistandarren Festa antolatu dute ostiralerako, azaroaren 29rako. Hainbat tailer eta merienda bat egingo dituzte.
Aizarnazabalera kanpotik bizitzera datozen herritarrekin "kohesioa" lortu nahian abiatu zuten bizikidetzari lotutako proiektua Basakaitz herri eskolan, Guraso Elkarteak sustatuta. "Kanpotik gure herrira bizitzera datozenak hemengoak sentitu daitezela hemen ere" da proiektuaren xedeetako bat. "Bizikidetza positiboan eta sentsibilitate desberdinak gureganatzeko dugu martxan proiektua", adierazi dute herri eskolako kideek. Josune Beristain Basakaitz herri eskolako zuzendariak hala azaldu du: "Aizarnazabal herri txikia da, baina badira jatorri eta kultura desberdina dutenak gurean". Bizikidetza proiektuarekin, elkarrengana gerturatzeko saiakera egin nahi dute, elkarren bizitzeko modua, kultura, gastronomia... gehiago ezagutuz.
Herrialde desberdinak ezagutzeko hiru hileko bakoitzean egun berezi bat antolatuko dute: "Festa giroan, herrialde desberdinetako bizimoduak ezagutuko ditugu; elkarren arteko desberdintasunak ezagutuz eta ditugun berdintasunak nabarmenduz. Hezkuntz komunitate anitza eta inklusiboa dugu helburu, hori ere herri heziketa dela uste dugulako".
Azaroaren 29a, ostirala. Pakistandarren festa.
- 09:15-12:30. Bost tailer egingo dituzte:
* Janzkeraren ingurukoa
* Henari buruzkoa
* Musika eta ipuin tailerra
* Idazkerari buruzkoa
* Pakistango kirolen ingurukoa
- Arratsaldean, Pakistango sukaldaritza tailerra. Lehen Hezkuntzako 6. mailako ikasleek parte hartuko dute.
- 16:00. Komunitatera zabaltzeko merienda. Pakistandik etorritakoen bizipenak ezagutuko dituzte, eta herrialde horretako egungo errealitateaz jardungo dute.