Errege Magoen kabalkada antolatzeko boluntario bila dabiltza Aizarnazabalen

Urola Kostako Hitza 2019ko azaroaren 5a

2020. urteko Aizarnazabalgo Errege Magoen kabalkada antolatzeko boluntario bila dabiltza. Bestalde, dagoeneko eman daiteke izena kabalkadan haurrek opariak jasoko ditzaten; azaroaren 15ean, ostirala, izango da horretarako azken eguna.

Aizarnazabalgo iazko kabalkadako irudia.

Gabonetarako gero eta gutxiago falta den honetan, Aizarnazabalen hasi dira 2020. urteko Errege Magoen kabalkada antolatzeko lantaldea sortzen. Aizarnazabalgo Udalak adierazi duenez, orain arteko lantaldea aldatu egingo da eta kabalkada antolatzeko boluntarioak behar dira. Udaleko kideen arabera, dagoeneko talde txiki bat sortu da, baina norbaitek antolakuntzan parte hartu nahiko balu "ongi etorria" izango da. Horrez gain, eskerrak eman dizkie Udalak azken hamarkadetan kabalkada antolatzeko lanetan ibili diren herritarrei.

Bestalde, Aizarnazabalgo Errege Magoen kabalkadan herriko haurrek opariak jaso ohi dituzte, eta horretan parte hartzeko izen-emate epea zabalik dago. Azaroaren 15a bitartean eman ahalko dute haurren gurasoek izena, eta bi modu daude horretarako:

  • Liburutegian izena emanda.
  • Transferentzia bidez honako kontu korrontean: ES13 2095  5033  10  1063015662 (Kutxabank)

Udaleko kideek adierazi dutenez, hamabi euro ordaindu beharko da izen-ematea eta aurten umeei ez zaie izen-emate orririk banatuko, Datu Pertsonalen Babeserako legeak galarazi egiten baitu. Aurrerantzean, beraz, gurasoen esku geldituko da izena emateko ardura.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide