2020ko udal aurrekontuak ehuneko 2,7 igoko dituzte Aizarnazabalen

Ane Olaizola 2019ko urriaren 30a

Aizarnazabalgo Udalak aho batez onartu ditu udal aurrekontuak eta ordenantza fiskalak. Atari Soro frontoia guztientzat irisgarria izan dadin, lanak egingo ditu.

Datorren urterako udal aurrekkontuak eta ordenantza fiskalak prest dituzte Aizarnazabalen. Joan zen hilaren 23an egin zuen udalbatzarra Udalbatzak, eta hura osatzen duten bi talde politikoek, EH Bilduk eta EAJk, aho batez onartu zituzten 2020ko aurrekontuak zein udal tasak eta zergak.

1.414.200 euroko udal aurrekontua izango dute Aizarnazabalen datorren urtean, aurten baino %2,7 handiagoa –1.377.025 euroko aurrekontua dute indarrean aurten–. Mari Karmen Arregi alkateak adierazi duenez, gastuei dagokien legeak "hala behartuta" ezarri dute igoera datorren urterako, eta horiek aurrera eramateko, udalak ez du aurreikusten mailegurik eskatzea. "Orain arte zegoen zorra ordaintzen joanez, esan dezakegu udalaren egoera ekonomiko-finantziarioa ona dela".

Datorren urteko udal aurrekontuetan, irisgarritasunari eta segurtasunari lotutako proiektuek izango dute garrantzirik handiena. Hain zuzen ere, Atari Soro pilotalekua egokituko dute irisgarritasuna hobetzeko, egungo azpiegiturak ez baitu hori bermatzen. "Eskailerak ditu pilotalekuak, adinekoek, gurpil-aulkian doazenek eta haur-kotxea dutenek zailtasunak dituzte hara joateko", esan du Arregik. Guztiek sarbide "erraza" izan dezaten, ikastetxearen aldetik, baratzeen ondoan, pasabide bat egokituko dute zuzenean pilotalekura joateko.

Herritarren segurtasunari garrantzia eman nahi izan diote datorren urteko aurrekontuetan, eta Zubialde auzoan dagoen autobus geltokira joateko zebrabidea eta semaforoak jarriko dituzte. "Hara joateko errepide nagusia zeharkatu beharra dago, eta ibilgailuak abiada handian igarotzen direnez, arriskutsua izan daiteke". Era berean, Zarauztik Zestoarako norantzan joaten den autobusaren geltokia lekuz aldatuko dute. Hain zuzen ere, egungo geltokitik metro batzuetara dagoen sargune batera lekualdatuko dute geltokia, han autobusak geratzeko leku gehiago izan dezan. Horretarako, Gipuzkoako Foru Aldundiarekin elkarlana hasi du udalak, eta erakundearen helburua da obrak datorren urtean gauzatzea.

Zubialde auzoan beste esku hartze bat ere egingo du udalak ingurumenaren alorrean; alkateak gogoratu du herriko ur zikinak ibaira joaten direla, eta horri irtenbidea eman nahian, estolderia berritu eta ur zikinak eta garbiak bereiztuko dituzte eremu horretan. Era berean, Muitzako baserri bidea berrituko dute 2020an. "Zulo handiak daude bidean, oso egoera txarrean dago. Asfaltatu egingo dugu, eta urtearen hasieran lanean hasiko direlakoan gaude".

Ohi bezala, euskara eskolak ematen jarraituko du udalak, eta horretarako beste partida bat txertatu dute aurrekontuetan. Kulturaren arloan, berriz, Jan Sano eta Bizi Pozik azoka izango da egitasmo nagusia. Izan ere, salmenta zuzena eta tokiko eta garaiko produktuak sustatu nahi ditu udalak azokaren bidez; "badakigu helburu horiek egunerokoak izan behar dutela, baina Jan Sano eta Bizi Pozik horretarako eredua da".

Ibilgailuen zergak, gora

Urtea hastearekin batera indarrean sartuko diren ordenantza fiskalak ere onartu ditu Aizarnazabalgo Udalak; oro har, bere horretan mantenduko ditu udal tasa eta zerga gehienak, ibilgailuen eta zaborraren tasak izan ezik. Ibilgailuen gaineko zerga %2 igo dute, eta hobariak emango dizkiete ibilgailu hibridoei, elektrikoei eta 25 urte baino gehiago dituztenei, baita familia ugarienak direnei ere.

Horrez gain, zabor bilketaren gaineko tasa izoztu egingo dute orokorrean, eta etxebizitzek eta baserriek orain arteko prezio bera ordaintzen jarraituko dute; industria arloan, ordea, %20 igoko dute zerga hori. "Enpresei zuzenean jasotzen zaie zaborra, eta orain arte tasa baxuak genituela eta, konpentsatzeko asmoz igo ditugu", azaldu du alkateak.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide